Ekonomia
Enpresak
EITB Media
Euskal Enpresaren Konfederakuntzak uste du Espainiako Gobernuak iragarritako eta sistemaren diru-sarrerak kotizazio bidez handitzea bilatzen duen pentsioen erreformak eragin handia izango duela euskal enpresentzat datozen bi urteetan, eta lehiakortasuna oztopatuko duela.
Isabel Busto, Confebaskeko presidentea. EFEren artxiboko irudia.
Confebask Euskal Enpresaren Konfederakuntzak uste duenez, Espainiako Gobernuak iragarritako pentsioen erreformak —Gizarte Segurantzarako enpresen eta langileen kotizazioen igoeraren bidez sistemaren diru-sarrerak handitzea bilatzen du— nabarmen eragingo die euskal enpresei datozen bi urteetan, eta lehiakortasuna oztopatuko du.
Neurriak epe labur eta ertainean izango lukeen kostu gehigarrien inguruko lehen kalkulu bat egin du konfederakuntzak. Horren arabera, oro har, Euskadin dauden besteren konturako 700.000 langileengatik 530 milioi euro inguruko gainkostua ordaindu beharko dituzte enpresek datozen bi urteotan, 2024/2025 epean. Erreforma gaur egun ezagutzen diren baldintzetan mantentzen bada, enpresen gainkostu hori 1.500 milioi ingurukoa izango litzateke 2030era arte, eta 5.000 milioikoa 2045era arte. "Inpaktu handiko estimazioak dira, eta hori kotizazioko oinarri maximoak gainditzen dituzten lan errentek elkartasunagatik ordaindu beharreko % 6ko gainkostua txertatu gabe", Confebasken esanetan.
Kopuru horien aurrean, enpresarien konfederakuntzaren iritziz, neurriak "zigor handia" dira enpresentzat, lanaren kostuaren igoera handia dakartelako, "produktibitate handiagorik gabe", eta horrela, ziurgabetasun eta errentagarritasun baxuko oraingo testuinguruan, "Euskadiko enpresen lehiakortasuna larriki kaltetuko da".
Confebasken arabera, enpleguari ere egingo zaio kalte, neurriek "besteren konturako langile gehiago kontratatzeko pizgarria kenduko baitute, kostu finkoa handitu egingo delako". Gainera, "langileen erosahalmenari ere kalte egingo dio, inflazio handiko une honetan"; izan ere, neurri horiek "soldata garbia murriztuko duten eta egungo plantilletako soldatak eguneratzeko enpresen gaitasuna mugatuko duten neurriak dira, negoziazio kolektiboan eta lan harremanetan tentsioak ekarriko dituztenak", konfederakuntzaren hitzetan.
Era berean, Confebasken ustez, kotizazio-oinarri maximoak handitzeak besteren konturako 100.000 langileri eragingo die Euskadin, eta horrek "kualifikazio handiagoko langileak kontratatzea zigortuko du eta Euskadin talentua erakartzeari zailtasun gehigarria ekarriko dio".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa