Ekonomia
EBZ
EITB Media
Aditu askok uste dute erakundeak diruaren prezioa igotzeko erritmoa motelduko duela hurrengo bileretan, baina EBZko presidenteak azpimarratu du etorkizuneko erabakiak datuen arabera hartuko dituztela.
Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentea atzo. Argazkia: EFE
Merkatuek proba egingo diote gaur Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidentearen apustuari, inflazioaren aurkako borrokan erakundeak hartutako erabakia islatzen duenari. Erakundeak interes-tasak puntu erdi igo zituen ostegunean, % 3,5eraino. Diruaren prezioaren seigarren igoera da jarraian, 2008ko amaierako mailarik altuenean kokatzen duena.
Hala ere, 12 hilabeterako euriborra, Espainian hipotekak kalkulatzeko gehien erabiltzen den adierazlea, urtarriletik izandako maila baxuenera jaitsi zen atzo (eguneko tasa), baina goranzko joerarekin jarraitzen du martxoan. Adierazleak gogor egin zuen behera, urtarrilaren 27tik izandako minimoetaraino, eguneko tasa % 3,359koa izan baitzen. Martxoko hileko tasak, hipoteken kuotak berrikusteko eta kalkulatzeko balio duenak, berriz, goranzko joerari eutsi zion, % 3,78an, otsail amaierako % 3,534koa gaindituta.
Bestalde, Credit Suisseren krisiak arnasa hartzeko aukera eman zuen ostegunean; izan ere, erakundeak % 20ko igoerarekin itxi zuen saioa, asteazkenean % 24 galdu ondoren. Susperraldi partziala izan zen, Suitzako Banku Nazionalak emandako babesak bultzatuta. Izan ere, goizaldean herrialdeko bigarren finantza-erakunde handienaren kontu kaskarrak onbideratzeko konpromisoa hartu zuen, 54.000 milioi dolarreko maileguarekin.
"Euroguneko bankuen sektoreak erresistentziarako gaitasuna eta kapital eta likidezia posizio sendoak ditu", defendatu du EBZko Gobernu Kontseiluak, eta gaineratu du, nolanahi ere, EBZk behar diren diru-politikako tresna guztiak prest dituela finantza-sistemari likidezia emateko, beharrezkoa izanez gero, eta diru politikaren transmisio arina babesteko.
Hurrengo bileretan erakundeak diruaren prezioaren garestitzearen erritmoa moteltzearen aldekoak dira, besteak beste, hauek: Eiko Sievert Scope Ratingseko kalifikazio burujabeen zuzendaria, EthiFinance Ratingseko Antonio Madera, Eburyko adituak, Anna Stupnytska Fidelity Internationaleko makroekonomialari globala eta Victor Alvargonzalez Nextep Financeko estrategia-zuzendari eta bazkide sortzailea.
Bestalde, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa pauso bat harago joan da, EBZk "interes-tasak igotzeko bidea utzi" behar duela esan baitu.
Hala ere, tasak igotzeko Gobernu Kontseiluaren erabakia "sendoa eta beharrezkoa" dela adierazi du EBZko presidenteak, eta etorkizuneko erabakiak datuen arabera hartuko dituztela azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa