Ekonomia
Greba Frantziako Estatuan
EITB Media
Arazoak izan dira garraio publikoan eta blokeoak errepideetan. Baionan, jendetza bildu da manifestazioan, itxita dagoen tren geltokitik Herriko Etxeraino.
Arazoak izan dira garraio publikoan eta blokeoak errepideetan, Emmanuel Macronen Gobernuak proposatutako pentsioen erreformaren aurka sindikatu nagusiek gaur Frantziako Estatuan deitutako lanuzteetan eta mobilizazioetan. Urtarriletik egiten duten seigarren mobilizazio handia da, eta, aurrekoetan bezala, jarraipen zabala eta eragin handia izan du garraio publikoan, hezkuntzan eta bestelako sektore estrategikoetan. Gainera, oraingoan lanuzte mugagabe baterako deia egin dute sindikatuek.
Ipar Euskal Herrian goizean goizetik nabaria izan da grebaren eragina. Garraio publikoa geldirik egon da, Baionako tren geltokia itxita, eta, egun osoan, Bordele eta Hendaia artean tren bakarra ibili da, eta aldiriko tren bakar bat ere ez. Hegaldien erdiak gutxienez bertan behera geratu dira Biarritzeko aireportuan.
Hezkuntzan ere nabarmena izan da grebaren eragina. Ikastetxe gehienak itxita egon dira, eta 10 irakasletik 7k gutxienez grebarekin bat egin dute, sindikatuen esanetan.
Baionan 10:30 pasatxo zirenean hasi den manifestazioan jendetza bildu da. Tren geltokitik abiatu da protesta (itxita dago), eta Herriko Etxeraino iritsi da. Baionakoaz gain, 300 manifestaziotik gora zeuden deituta Estatu osoan, eta sindikatuen kalkuluen arabera, milioi bat edo milioi bat eta erdi pertsona bildu dituzte; protesta jendetsuena arratsaldean egin dute, Parisen.
Olatz Simon ETBko berriemaileak Euskadi Irratiari azaldu dionez, Frantziako hiriburuan grebaren eragina ez da izan horren begi-bistakoa; ez, bederen, eguneko lehen orduetan. Lanera oinez ohi baino jende gutxiago joan bada ere, askok, arazoak aurreikusita, etxetik telelanean aritzea erabaki dute.
Grebaren eragina atzotik ari dira nabaritzen Frantziako zenbait tokitan. Kamioilarien lehen blokeoak astelehenean hasi ziren Frantziako errepideetan, eta auto ilarak eragin zituzten atzo goizean Lille (iparraldea) eta Ruan (ipar mendebaldea) hirietako sarbideetan.
Bestalde, Frantziako Gobernuak akordioa lortu zuen atzo Frantziako Estatuko banatzaile-kate nagusiekin, "inflazioaren aurkako saski bat" sortzeko, guztia greba orokorraren atarian.
Protestak gorabehera, erreforma izapidetzen jarraitzen dute
Sindikatuon asmoa da Emmanuel Macronen gobernuaren erreforma bertan behera geratzea. Mobilizazioak mobilizazio, egitasmoa Senatuan izapidetzen jarraituko dute. Langileen ordezkariak kontra edukitzeaz gain, ezkerreko alderdien eta eskuin muturrekoen kritikak jaso ditu erreformak.
Herritarrak ere, oro har, aurka daude. Igandean kaleratutako azken inkestaren arabera, itaundutakoen % 68 kontra daude, eta % 32 bakarrik daude alde.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa