Ekonomia
Greba Frantziako Estatuan
EITB Media
Erretiro adina atzeratzeko asmoa duen erreformaren aurkako seigarren mobilizazio handia da. Ehunka manifestazio daude deituta (Baionakoa, 10:30ean) eta garraioan, hezkuntzan edota energia alorrean jarraipen zabala espero da.
Erreformaren kontra Parisen otsailaren 11n egindako manifestazioa. Argazkia: EFE
Frantziako Estatuko sindikatu nagusiek bihar, martxoaren 7an, "herrialdea geldiarazteko" deia egin dute, beste behin, Emmanuel Macronen gobernuak egin asmo duen pentsioen erreformaren kontra egiteko. Urtarriletik egiten duten seigarren mobilizazio handia da, eta, aurrekoetan bezala, jarraipen zabala eta eragin handia espero dira garraio publikoan, hezkuntzan edota bestelako sektore estrategikoetan.
Estatu osoan, 300 manifestaziotik gora daude deituta, eta sindikatuen kalkuluen arabera, milioi bat eta milioi bat eta erdi pertsona bilduko dira protestotan. Baionan, 10:30erako egin dute deialdia, Santa Ursula plazatik abiatuta. Horrez gain, beste manifestazio bat egongo da martxoaren 8an (Merkatu plazatik, 15:00etan).
Grebak trabak eragingo ditu garraio publikoan. SNCF tren konpainiak iragarri duenez, TGV abiadura handiko trenen % 80 eta ibilbide luzeko gainerako ohiko tren ia guztiak bertan behera geratuko dira.
Nazioarteko zerbitzuan, ez da trenik ibiliko Paris-Bartzelona eta Frantzia-Alemania lineetan. Gainerakoan, honela geratuko da zerbitzua: Italiarekin loturan, joan-etorriko bakarra, eta Suitzarekin lotunea egiten duten trenen % 20 bakarrik.
Londresera joateko, Eurostar trenen bi heren ibiliko dira, eta Brusela-Paris ibilbidean, Thalys trenen bi heren.
Parisko aldiriko trenetan ere, asko murriztuko dute zerbitzua (ohiko zerbitzuaren heren baten eta bosten baten artean mantenduko dute), eta litekeena da oso zaila izatea metropolian mugitzea.
Metroan ere, antzera. RATP konpainiaren arabera, bi metro linea automatikotan (1 eta 14) ohiko zerbitzua egongo da. Besteetan, jende gehien dabilen orduetan (goizean goiz eta arratsaldean) bakarrik ibiliko dira trenak (unitateen erdia edo laurden bat, linearen arabera). Linea batzuetan, metroek ez dute ibilbide osoa egingo.
Halaber, kamioilariek ere, igandetik aurrera, errepide batzuk blokeatuko dituztela iragarri dute. Industriagune eta plataforma logistiko inguruetan, ohi baino astiroago mugituko dira, ilarak sortzeko asmoz.
Hegaldiei dagokienez, aire-kontrolatzaileen grebaren ondorioz —gutxieneko zerbitzuak dituen bakarrenetarikoa— aire-konpainiek programatutako hegaldien kopurua asko murriztu beharko dute. Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak aurreratu duenez, Paris Charles de Gaulle aireportuko hegaldien % 20 bertan behera geratuko dira, eta Orlyn, % 30.
Gainera, energiaren sektorea, gas eta argindar ekoizpena, greban dago ostiraletik. Lanuzteen ondorioz, argindar tentsioan murrizketak egon dira, baina oraingoz ez diete erabiltzaileei eragin.
Portuetan, findegietan eta beira fabriketan ere lanuzteak daude deituta.
Gainera, hezkuntza alorreko zazpi sindikatuek "eskolak, kolegioak, lizeoak eta zerbitzuak (tartean, jantokiak) guztiz ixteko" deia egin dute.
Protestak gorabehera, erreforma izapidetzen jarraitzen dute
Sindikatuon asmoa da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen gobernuaren erreforma bertan behera geratzea. Mobilizazioak mobilizazio, egitasmoa Senatuan izapidetzen jarraituko dute. Langileen ordezkariak kontra edukitzeaz gain, ezkerreko alderdien eta eskuin muturrekoen kritikak jaso ditu erreformak.
Herritarrak ere, oro har, aurka daude. Igandean kaleratutako azken inkestaren arabera, itaundutakoen % 68 kontra daude, eta % 32 bakarrik daude alde.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa