Ekonomia
Auzitegi Nazionala
agentziak | eitb media
Josu Jon Imaz konpainiaren kontseilari ordezkariak uste du neurriak diskriminatu egiten duela, eta ez dela bateragarria Espainiako Konstituzioarekin eta Europako legediarekin.
Repsolen gasolindegia, Bilbon. Argazkia: Efe
Auzitegi Nazionalak atzera bota du energia konpainiei ezarritako aparteko zerga behin behinean bertan behera uzteko Repsolek egin zion eskaera, eta ez du petrolio enpresak eskatutako neurririk ezarriko.
Auzitegi Nazionalak gaurko data duen autoan agertzen duenez, ez du behin behinean indargabetuko otsailaren 2ko agindua.
Auzitegiak uste du eskaerari muzin eginda ez dela konponezina den kalterik egiten, azkenean helegitea onartzen bada atzera egiteko aukera dagoelako zergetan ordaindutakoa interesekin itzulita.
Iragan otsailaren 8an, agindua onartu eta biharamunean, Repsolek helegitea aurkeztu zuen araua behin behinean bertan behera uzteko eskatuz, Josu Jon Imaz konpainiako kontseilari ordezkariak uste baitu diskriminatu egiten duela, eta ez dela bateragarria Espainiako Konstituzioarekin eta Europako legediarekin.
Auzitegiaren ustez, "ministerioaren agindua bertan behera uzteak bai egingo liokeela kalte larria interes orokorrari, diru bilketa galarazita eta legearen betebeharretako bat bete ezinda; lehenengo helburua dirua biltzea baita, energia eta inflazio krisi garaiotan gaitasun ekonomiko handiena dutenei esfortzua handiagoa eskatuz".
Eskaerari muzin eginda, litekeena da Repsolek aurreikusitako lau autolikidazioak aurkeztu behar izatea, baina "horrek, Areto honen arabera, ez luke kalte konponezinik eragingo, zeren konpontzeko aukera egongo litzateke ordaindutakoa interesekin itzulita".
Repsolen eskaera onartzeak "ordenamendu juridikoa geldiaraztea" ekarriko lukeela uste du Auzitegi Nazionalak, "arrazoitze zehatza duen lege baten aplikazioa geldituko litzatekeelako".
Banketxeek eta energia enpresa handiek datorren astelehenera arteko epea dute zergaren lehenengo ordainketak egiteko. Espainiako Gobernuak 7.000 milioi euro jaso nahi ditu bi urtetan egoera ekonomikoari aurre egiteko neurriak ordaintzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa