14:02

Ekonomia

Mobilizazio eguna

Nafarroako Gobernuak dio % 7,44ko eragina izan duela grebak foru administrazioan, eta % 9,78koa osasungintzan

Agentziak | EITB Media

Hezkuntzan ere jarraipen txikia izan du lanuzteak, Gobernuaren arabera; hain zuzen ere, % 8,37koa. LAB sindikatuak, bestalde, salatu du Gobernuak "desitxuratu" egin duela jarraipenaren datua.

  • Sindikatuek deituta egindako elkarretaratzea.

    Sindikatuek deituta egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroako Gobernuak zabaldutako datuen arabera, % 7,44ko jarraipena izan du gaurko greba deialdiak foru administrazioan, osasungintzan salbu. Arlo horretan % 9,78ko eragina izan du lanuzteak, iturri horren esanetan.

Gobernu saioaren osteko agerraldian eman ditu datuok Javier Remirez presidenteordeak.

Administrazioan, guztira, 17.515 langile zeuden grebara deituta, eta horien % 10ek gutxieneko zerbitzuak bete behar izan dituzte. Gainerako 15.757 beharginetako 1.172 zeuden lanpostutik kanpo 10:30ean; alegia, langileen % 7,44.

Osasungintzan, berriz, 6.761 langile daude goizeko txandan beharrean, eta horietako 3.276 gutxieneko zerbitzuak betetzen aritu dira. Gainerakoen % 7,78k egin du planto gaurko honetan.

Hezkuntzan ere, jarraipen txikia izan du lanuzteak, Gobernuaren arabera; hain zuzen ere, % 8,37koa.

Datu horiek gorabehera, Remirezek berretsi du hitz egiteko eta akordioak adosteko prest daudela, otsailaren 17an egingo duten bilera hizpide. Dena den, argi utzi du "ardura politikoak" eta "aurrekontuek" ezarritako neurriak ere "hortxe" daudela.

LABek salatu du Gobernuak ez duela negoziatzeko borondaterik 

LAB sindikatuak, bestalde, salatu du Gobernuak "desitxuratu" egin duela jarraipenaren datua, eta nabarmendu du 3.000 lagun inguru bildu direla Iruñean goizean egin duten elkarretaratzean.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena