07:11

Ekonomia

Greba Frantziako Estatuan

Pentsioen erreformaren aurkako bigarren greba orokorra gaur Frantzian eta Ipar Euskal Herrian

agentziak | eitb media

Ipar Euskal Herrian garraioan espero dira mobilizazio handienak. Frantziako Estatuan 200 bat manifestazio daude deituta, eta Poliziaren informazio zerbitzuen aurreikuspenen arabera, 1 edo 1,2 milioi manifestari inguru espero dira, hilaren 19an baino gehiago.

  • Protestak Parisen, pentsio legearen erreforma dela eta. Artxiboko argazkia: EFE.

    Protestak Parisen, pentsio legearen erreforma dela eta. Artxiboko argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Emmanuel Macron Frantziako presidentearen pentsioen erreforma Parlamentuan izapidetzen hasi eta biharamunean, sindikatuen bigarren protesta bateratuari aurre egin beharko dio gaur. Gutxienez urtarrilaren 19koa bezain jendetsua izango dela aurreikusten da.

Ipar Euskal Herrian azken urteotako mobilizazio handienak izan ziren duela bi asteko lehen greban (10.000 lagunetik gora bildu ziren Baionako manifestazioan, CGT sindikatuaren hitzetan). Gaurkoan garraioan espero dira jarraipen zabalenak: Akitanian, abiadura handiko hiru trenen artean bakarra ibiliko da eta Biarritzeko aireportuan Liongo joan-etorriko hegaldiak bertan behera geratu dira; beste hegaldi batzuetan ere eragozpenak espero dira. Hezkuntzan, Angeluko hiru eskola itxita daude eta gainerako ikastetxeetan ez da zerbitzu osoa bermatua egongo. Baionan, bestalde, jangela zerbitzurik ez da egongo bost eskolatan.

Frantziako estatuari dagokionez, poliziaren informazio zerbitzuek hedabideei egindako filtrazioen arabera, 1 eta 1,2 milioi manifestari artean iragarri dituzte herrialde osoan zehar antolatutako 240 martxa inguruan, lehen mobilizazioaren antzeko zifrak gaindituko litezkeelarik.

Ordena publikoaren asaldurak saihesteko asmoz, Gerald Darmanin Barne ministroak iragarri du 4.000 polizia eta jendarme zabalduko dituztela Parisen, eta 11.000 guztira Frantzia osoan, hau da, martxoaren 19ko protestan baino 1.000 gehiago.

Izan ere, Darmaninek ohartarazi du agenteak edo manifestariak erasotzen dituztenak "atxilotu" egingo dituztela, sindikatuen ordena zerbitzuekin izandako lankidetza azpimarratu du, eta manifestazioak lehen protestaldiko "baldintza berberetan" egitea espero duela esan du, "bestelako istilu larririk gabe".

Manifestazioez gain, eguneko jarraipenaren beste adierazle nagusia grebak izango dira, garraio publikoan antzeko parte hartzea izango dutela aurreikusten baita.

Mobilizazio egun honekin, erreforma bertan behera uztera behartu nahi dute Gobernua sindikatuek. Erreforma horrek erretiroaren gutxieneko adina 62 urtetik 64ra atzeratzea aurreikusten du, eta pentsio oso bat kobratzeko beharrezkoa den kotizazio aldia 43 urtera luzatzeko neurria (42 urtekoa da gaur egun) 2027ra aurreratzea.

Erreformaren aurka iritzi publikoa da nagusi; inkesta guztiek, ezkerreko alderdiek, eskuin muturrak eta Errepublikanoen diputatu kontserbadore batzuek behin eta berriz erakutsi duten bezala. Macronek alderdi horren babesa espero du lege proiektua onartu ahal izateko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena