Itxi

Ekonomia

MOBILIZAZIOAK

Inoizko manifestazio sindikalik handiena egin dute Baionan, pentsioen erreformaren kontra

EITB MEDIA

10:30ean abiatu da manifestazioa, Lan Burtsaren eraikinetik, eta antolatzaileen arabera, 10.000 pertsona inguru batu dira. Greba deialdia garraio zerbitzuetan eta hezkuntzan eragin handia izaten ari da. Erretreta 62 urtetik 64ra atzeratzea nahi du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak.

01:23

Frantziako Gobernuak mahai gainean jarri duen pentsioen erreformaren kontrako lehen protesta egun handia dute gaur Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantziar osoan. Sindikatu guztiak batu dira, greba eta manifestazioak deitzeko, eta mobilizazio eguna jarraipen historikoa izaten ari da. Besteak beste, erretreta hartzeko adina atzeratu nahi da erreforma honekin, 64tik 67ra. 

Ipar Euskal Herrian egin den protesta ekintza nagusia Baionakoa da: 10:30ean manifestazioa abiatu da Lan Burtsaren eraikinaren paretik. Sindikatu guztiek egin dute bat deialdiarekin, eta inoizko manifestazio sindikalik handiena izan da. Antolatzaileen arabera, 10.000 pertsona inguru batu dira. Poliziaren esanetan, aldiz, 8.000 izan dira parte-hartzaileak.

Jean-Pierre Etxeberri CFDT sindikatuko ordezkariak esan duenez, pentsioen erreforma "ez da onargarria" eta "kendu" egin behar da. Era berean, LABeko Argitxu Dufauk ere gogor kritikatu du Frantziako Gobernuaren asmoa, "eztabaidarik gabe" errefoma indarrean sartzea nahi duelako. "Prest dira eztabaidarik gabe legea indarrean sartzeko, baina parean aurkituko ditu langile determinatuak eta gaurkoa da lehen froga", esan du. 

Bestalde, Estatu osoko garraio zerbitzuan —trenetan, autobusetan zein hegaldietan— eragin nabarmena izaten ari da lanuztea, eta eskola publiko gehienetan ere bai. Ia geldirik daude zerbitzu horiek. SNCF tren konpainiak jakinarazi du eskualdeko tren zerbitzuaren % 10 bakarrik dagoela martxan, eta abiadura handiko trenen % 30 inguru. Ibilbide luzeko zerbitzu guztiak, berriz, bertan behera geratu dira. Hedabide publikoetan ere, etenaldiak egin dituzte.

Parisko manifestazioa 14:00etan abiatu da, eta dozenaka mila pertsonak hartu dituzte Frantziako hiriburuko kaleak.

Paris
Argazkia: EFE

Gaurkoa, mobilizazio kate luze baten abiagunea izatea nahi dute sindikatuek, Frantziako Gobernuak atzera egin eta pentsioen erreforma bertan behera utz dezan, 1995ean, Jacques Chirak Frantziako presidente zela, gertatu zen bezala. Orduko hartan, milaka herritar kalera atera ziren pentsioen erreformaren kontra, eta, azkenean, Gobernuak amore eman zuen.

Frantziako Barne Ministerioak jakitera eman duenez, segurtasun neurriak areagotu egin dituzte Frantzia osoan, eta orotara, 10.000 polizia izango dira lanean, "istiluak ekiditeko". 

Macronen planaren arabera, erretiroaren gutxieneko adina pixkanaka atzeratu egin nahi da, 62 urtetik 64 urtera (2030ean), eta erretreta saria % 100 jaso ahal izateko, kotizazioaren iraupena 43 urtekoa izango da 2027tik aurrera (orain arte, 2035etik aurrerako zegoen aurreikusita neurri hori).

Erreforma "bidezkoa eta arduratsua"

Bere aldetik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gaur ere berretsi du "bidezkoa eta arduratsua" dela euren proposamena. Are gehiago, Europa mailan gai honetan Franzia "atzetik" doala esan du.

Bartzelonan egin duen agerraldi batean hitz egin du Frantziako gobernuburuak. Horren hitzetan, herritarrek euren iritzia adieraztea "zilegia" da, eta protesta ekintza baketsuak izatea espero duela azpimarratu du. Elkarrizketarako prest agertu da, baina "determinazioz" eta "arduraz" jokatuko duela ere azpimarratu du.

Ezustekorik ezean, Frantziako Ministroen Kontseiluak datorren astean emango dio argi berdea proiektuari, eta Macronek esan du eztabaida fase berri bat abiatuko dutela, "guztien ekarpenekin, erreformaren testua aberasteko".

Argi utzi du, hori bai, sakoneko erreforma ezinbestekoa dela "sistema salbatu" nahi bada, "belaunaldien arteko elkartasuna" kontuan haruta. Geroz eta langile gutxiago eta  geroz eta pentsiodun gehiago daudela azaldu du.