Ekonomia
Elkarrizketa
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
"Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde", adierazi du ELAko idazkari nagusiak.
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia
Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusia Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan izan da, Euskal Autonomia Erkidegoan udazken honetan piztu diren lan gatazkei buruz jarduteko. Horietako batzuetan esperotako emaitza jaso dute langileek protestei esker, horregatik, kalera atera eta planto egiteak duen garrantzia azpimarratu du gaurkoan: "Borrokatzen ez bagara, ez dago aukerarik. Grebak egotea guretzat ona da; kontrara, txarra litzateke prekarietatearen aurrean geldi geratu eta erantzunik ez ematea".
Metalgintzaren sektoreak bizi duen "garai txarra" izan du hizpide, besteak beste. Horri buruz esan du greba mugagabea dela hurrengo urratsa. "Testuinguru horrek beste salto bat eskatzen du. Horretarako, baina, batasuna behar dugu. Beharbada berandu gabiltza, ahalik eta azkarren egin beharko baikenuke aukera horren alde", adierazi du.
Inflazioa mintzagai, ELAko idazkariak azpimarratu du prezioek behera egin badute ere, oraindik oso altuak direla; alegia, egoera zail baten aurrean gaudela: "Ezin gara erlaxatu, egoera zaila da oraindik ere".
Bizkaibuseko langileek gaur duten greba egunaz ere mintzatu da, argi utzita administrazioek diru gehiago eman beharko luketela.
Bukatzeko, Osakidetzako lan gatazkaz eta gutxieneko soldataren gainean Espainiako Gobernuak hartutako erabakiaz hitz egin du. Lehen gaiari helduta, Lakuntzak azaldu du jendeak garbi duela Osakidetza ez dela garai batean izan zena. "Kezkatuta gaude inbertsio faltarekin eta zerbitzuak okerrera egin duelako. Ez dago inolako planifikaziorik. Gotzone Sagardui sailburuak ez digu egia esan, aurten iaz baino diru gutxiago bideratu baitute osasungintzara. Mahai sektorialerako deia egiten dugu, baina ez argazkia egiteko soilik, gai zerrenda bat aurkeztu eta benetan negoziatzeko. Behin-behinekotasun handiena duen enpresa publikoa da Osakidetza, hots, EAEn dugun aldi baterako laneko enpresa handiena, behin-behinekotasuna % 40tik gorakoa baita", nabarmendu du.
Bigarren aferari buruz, bestalde, zera azaldu du: "Espainian erabakitzea txarra da guretzat, hemengo errealitatea ezberdina delako. Hartara, 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu berton".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa