Ekonomia
Elkarrizketa ''12 minutos''en
EITB MEDIA
Arantza Ruiz EITB Mediako albistegien buruari eskainitako elkarrizketa batean, Korporazioko presidenteak nabarmendu du bi kooperatibek bazekitela ezezkoa jasoko zutela.
"(Ulmak eta Oronak) bazekiten eskatzen zuten prozedura onartezina zela epe motzean". Hala mintzatu da Iñigo Ucin Mondragon Korporazioko presidentea bi kooperatibek ekainean egindako proposamenaren inguruan —"itunpeko kooperatiba" izatea—. Korporazioak proposamena errefusatuta, Ulmak eta Oronak taldea uzten duten erabakitzeko bozketak egingo dituzte asteon.
Horren atarian, elkarrizketa egin dio Arantza Ruiz EITB Mediako albistegietako buruak Korporazioko presidenteari "12 minutos" saioan. Ucinen hitzetan, "prozedurak flotazio lerroari eragiten zion, eta ezin zen epe laburrean egin. Bazekiten zein izan behar zuen gure erantzunak, beste bat ez zen posible eta".
Mondragon Korporazioko presidenteak berretsi duenez, Ulma eta Orona eurekin geratzea nahi dute, baina erabakia "eurena" dela gogorarazi du. Balizko irteerak beste kooperatiba batzuei eragingo ote dien galdetuta, ezezkoa eman du Ucinek. "Lehen baino batuago gaude, batasuna handiagoa da. Mondragon ondo doa eurekin, eta eurek gabe ere ondo joango da", gaineratu du.
Taldeko presidenteak adierazi duenez, "negozio arazoak dituen kooperatiba bat ez da inoiz joan, lidergo arazo oso gogorrak izan ezean".
Ucinek gogorarazi du 95 kooperatibak eta 80.000 langilek baino gehiagok osatzen dutela Korporazioa gaur egun, eta aurten 12.000 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa "aise" gaindituko dutela.
Koporazioko presidenteak ziurtatu du "lasaitasunez" egingo diotela aurre Ulmak eta Oronak hartuko duten erabakiari.
Azken egunetako mezu eta polemikari dagokionez, adierazi du "esan dugun guztia egia da, ez dakit zehaztasunik eza egon daitekeen gairen batean, baina egia hor dago eta egiazta daiteke, ez dugu zalantzarik". "Hala ere, esan dugun edozer beti hartu dute modu oldarkorrean, ulertzen ez diren gauzak", aurpegiratu du.
Ulmak eta Oronak Korporazioa uztea erabakiko balute, Ucinek onartu du 70.000 langile inguru izango liratekeela. Hala ere, uste du kalterik handiena ez dela gertatuko ateratzen badira edo ateratzen ez badira. Bere ustez, kalterik handiena azken egunetan egunero helarazi den irudian egin da.
Ucinek errepikatu duenez, Oronak eta Ulmak "erabakitzeko eskubidea dute, bai ala ez, egin nahi dutena". Hala ere, haiek geratzea gustatuko litzaiekeela adierazi du. "Badakigu kolektibo kooperatibistak direla, balio berberak ditugu, guretzat geratzen badira albiste ona izango da", azpimarratu du.
Etorkizunari dagokionez, Mondragon Korporazioko presidentea itxaropentsu agertu da: "Mondragon ondo doa, talde industrialaren negozioak ondo doaz, azken hiru urteetan bizi izan dugun ziurgabetasun egoera gorabehera, baina enplegua sortu dugu". "Etorkizun oparoa dugu, gure ereduak funtzionatzen baitu", gaineratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa