Ekonomia
Greba
EITB Media
LAB sindikatuak adierazi duenez, Trapagarango Amazon zentro logistikoko langile guztiek greba egin dute: "20.000 pakete baino gehiago banatu gabe geratu dira". Bestalde, Correosen grebak jarraipen ezberdina izan du Euskadin. Beharginen % 20-70ek babestu dute greba.
Joan zen ostiralean izan den Black Friday edo Ostiral Beltzaren osteko astelehenean ohi den moduan, gaur Cyber Monday deiturikoa da, sarean, online erosketak egitekoa. Eta hain zuzen ere, egun hori baliatu dute Correoseko banaketa zerbitzuko Estatu osoko langileek eta Euskadiko Amazonek greba egiteko. Urtean pakete gehien mugitzen duten egunetako bat da, eta, grebarekin, lantegietan bizi duten egoera salatu nahi dute.
Aski ezagunak dira Euskal Herrian dagoeneko Black Friday eta Cyber Monday. Iaz, esaterako Black Friday egunean 250 € gastatu zituen Euskal Herritar bakoitzak batez beste, eta horrexegatik aukeratu dute Correosek zein Amazon Euskadik biharko eguna, Cyber Monday, grebarako.
LAB sindikatuak adierazi duenez, Trapagarango (Bizkaia) Amazon zentro logistikoko langile guztiek greba egin dute. Sindikatuak ohar batean adierazi duenez, langileen babesa "erabatekoa" izan da, eta "% 100ek greba babestu dute" eta aginte-lerroek baino ez dute lan egin.
LABek nabarmendu du logistika-zentroan eragina oso handia izan dela, "20.000 pakete baino gehiago banatu gabe geratu baitira".
"Amazoneko zuzendaritzak oraindik ez die erantzun langileei, eta ez da gai LABek lantokian duen ordezkaritzarekin biltzeko, lan-gatazka honi irtenbidea bilatzeko", salatu du sindikatuak.
Jarraipen ezberdina
Bestalde, Correos enpresa publikoan deitutako grebak jarraipen ezberdina izan du Euskadin, sindikatuek jakitera eman dutenez.
Iturri horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko posta-zentro bakoitzeko beharginen % 20-70ek babestu dute greba.
CGT, LAB, ESK, ELA, SiPcte, Intersindical Valenciana eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte sozietate publikoaren egoitza nagusien aurrean, EAEko hiru hiriburuetan, enpresaren jarrera salatzeko.
Deitzaileek salatu dutenez, "Correoseko langileen baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute, gero eta gehiago. Egoera jasanezina bihurtu da".
"Azken urteotan, erosteko ahalmenaren galera izugarria izan da, % 20 ingurukoa (lan-kontratuko langileentzat) eta % 25ekoa (funtzionarioentzat), eta horrek LGSra (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hurbiltzen du kolektiboa, modu arriskutsuan", kritikatu dute.
"Langileen gabezia sistematikoak eta etengabeko presioak lan-giro osasuntsu eta seguru batean lan egitea eragozten dute, baita gizarteari kalitatezko zerbitzu publikoa ematea ere", argudiatu dute.
Batzuek zein besteek ez dute baztertzen egoera aldatu ezean, Gabonetan beste greba egun bat deitzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa