07:03

Ekonomia

PROTESTAK

ELAk deituta, bost greba egun abiatu dituzte Bizkaiko zahar etxeetan

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Aste honetarako daude deituta lanuzteak. Egoitzen kudeaketa publikoa eta langileen lan baldintzak hobetzea eskatu dute.

  • Erresidentzietako langileak, joan den maiatzean egindako protesta batean.

    Erresidentzietako langileak, joan den maiatzean egindako protesta batean.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELA sindikatuak deituta, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileek greba egingo dute gaur hasi eta ostiralera bitarte —aurrez, bederatzi greba egin dituzte—.  Sektorearen publifikazioa aldarrikatzeko eta langileentzat baldintza hobeak eskatzeko egingo dituzte lanuzteak. Deitzaileen iritzian, "negozioa pertsonen gainetik" jartzen ari dira bai Bizkaiko Foru Aldundia, eta baita, GESCA, LARES eta ELBE patronalak ere. Datu bat eman dute: patronalek 255 milioi euro jaso dituzte azken urtebetean, eta langileen erosteko ahalmenak % 16,5eko galera metatuta izan du.

Zentzu horretan, ELAk salatu du patronalaren proposamen bakarrak "soldatak izoztea, lehenengo egunetik langileak ez ordezkatzea edo zaintzarako langile gehiago ez kontratatzea" direla. Bizkaiko Foru Aldundiari, berriz, sektoreko "beharrizanei eta errealitateari bizkar emanda propaganda" egitea egotzi dio. "255 milioi euro gehiago ematen dizkie sektoreko enpresei, etekinak handitzeko", esan du zentral abertzaleak.

Halaber, sindikatuak deitoratu du erakundeak nahiz patronalak genero ikuspegia albo batera uzten ari direla. "Feminizatutako sektorea izanik, emakumeon lana ez da behar bezala baloratzen, eta ikuspegi horrekin jokatzen dute patronalak, Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak", azaldu du ohar batean.

Hori dela eta, mobilizazioa "ezinbestekotzat" jo dute langileek, lan baldintzen eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena