Ekonomia
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
O. A. | EITB Media
EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen esanetan, "albiste ona" da Aurrekontuetan eta, oro har, politika publikoetan eskuinak ahalik eta eragin gutxiena izatea.
Bakartxo Ruiz EH Bilduren bozeramailea Nafarroako Parlamentuan, Euskadi Irratian
Legegintzaldi honetan laugarrenez, Aurrekontuak ahalbidetzeko akordioa lortu du EH Bilduk Nafarroako Gobernuarekin. Bakartxo Ruiz EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailearen arabera, "ez da anekdota bat, ez da puntuala, ez da kasualitatea; erabaki politiko bati erantzuten dio". Gaineratu duenez, bai EH Bilduk eta baita Nafarroako Gobernuak ere borondatea erakutsi dute "lau urte hauetan akordioak erdiesteko".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, EH Bilduko eledunak adierazi du albiste ona dela Aurrekontuetan eta oro har politika publikoetan eskuinak ahalik eta eragin gutxiena izatea. Dena dela, EH Bilduren Aurrekontuak ez direla iritzita, koalizioa abstenitu egingo da Nafarroako Parlamentuan egingo den bozketan.
2023ko udal eta foru hauteskundeen ondorengo gobernagarritasunari begira, Nafarroako egungo gehiengoak sendotzearen alde mintzatu da. Ildo horretan, EH Bilduk eragin politiko determinantea izango duela aurreikusi du: "Ez da posible eskuinarekiko alternatiba bat osatzea EH Bilduren parte hartzerik gabe".
Fiskalitatearen alorrean ere, hainbat neurri adostu dituzte EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak: 18.000 eurotik beherako errentei 540 euroko kenkaria aplikatuko zaie; urtean 14.500 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek ez dute errenta aitorpena egin beharko; eta hiru milioi euro baino gehiagoko zergadunei 200.000 eurotik gorako kapital errenten karga handituko diete, eta ondare zerga aplikatuko zaie. Oraingoz, Sozietateen gaineko Zergak bere horretan jarraituko du. Bakartxo Ruizen arabera, "urrats txikiak eman ditugu, guk nahiko genituzkeenetatik urruti, baina txikiak izanagatik ere, norabide egokian daude". Dena dela, azpimarratu du fiskalitateari buruzko eztabaidak datozen hilabete eta urteetan jarraituko duela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa