Itxi

Ekonomia

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

Egibarrek EH Bilduri, Aurrekontuen harira: "Chiviteri eta Sanchezi bai eta Urkulluri ez, ez dauka logikarik"

O. A. | EITB Media

Eusko Jaurlaritzak 14.250 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du. EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak gehiengo osoa badu ere, oposizioko alderdien babesa lortu nahi du, tartean, EH Bildurena.

  • Joseba Egibar

    Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramailea, Euskadi Irratian

    27:47 min
imagen player
imagen player
imagen player

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua ostiralean iritsi zen Eusko Legebiltzarrera, eta gaur hasi eta ostiralera arte, sail bakoitzeko diru kontuak azalduko dituzte sailburuek. EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak gehiengo osoa du, eta, hortaz, ez du inoren beharrik 14.250 milioi euroko aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko. Dena dela, oposizioko alderdien babesa lortu nahi du, tartean, EH Bildurena.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak akordioak lortzeko deia egin dio EH Bilduri. "Chiviteri eta Sanchezi bai eta Urkulluri ez; ez dauka logikarik", azpimarratu du. GBBko presidentearen iritziz, Nafarroan politika fiskala bereizi eta EH Bilduk Chiviterekin Aurrekontuen inguruko akordioa lortzea posible bada, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta gainerako erakundeetan ere adostasunak erdiesteko saiakera egin beharko luke. "Nire ustez, adostasun hori lortu behar da", gaineratu du.

2023ko udaberrian egingo diren udal eta foru hauteskundeez ere hitz egin du. Balizko itunen inguruan galdetuta, Joseba Egibarrek bidea zabalik utzi du berriro sozialistekin itunak egiteko, baina ez du beste aterik itxi nahi izan.

Joseba Egibarren ustez, 2024ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, aukera egon daiteke PSOErekin autogobernuaren eztabaidari heltzeko. Pedro Sanchezek berriro inbestidurarako babesa beharko balu zabalduko litzateke ate hori, buruzagi jeltzalearen arabera. "Ordurako, Kataluniak eta Euskadik ekarpen bat egin beharko genuke, eta ekarpen bateratu horrek alda dezake Sanchezen posizioa", nabarmendu du.