14:12

Ekonomia

ENPRESAK

Jaurlaritza ITP Aeroren akziodun izango da, eta enpresa EAEtik ateratzea galarazteko gaitasuna izango du

EITB MEDIA

Hain zuzen ere, Jauraritzak % 6ko parte-hartzea izango du enpresan, eta horrela, Administrazio Kontseiluan sartuko da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritza ITP Aeroren akziodun izango da % 6ko parte-hartzearekin. Euskal Finantzen Institutuak kudeatzen duen Finkatuz Funtsaren bidez egin dute operazioa, eta Gasteizko Gobernuak ohar batean adierazi du helburu nagusia konpainia aeronautikoak EAEn duen "industria proiektuari eustea" izan dela.

EITB Mediak jakin duenez, Jaurlaritzak beto gaitasuna izango du, adibidez enpresa EAEtik ateratzea galarazteko.

Itxitako akordioaren arabera, Jaurlaritzak bere partaidetza bermatu du ITP Aeroren Administrazio Kontseiluan. Gasteizko Gobernuaren hitzetan, "Europa mailan aeronautikaren sektorean erreferentea den enpresetako baten akziodun izateko eta Administrazio Kontseiluan egoteko aukera aprobetxatu nahi da", enpresa hemen errotzea lehenetsiko duen "industria proiektu bat sustatuz" eta "enplegua sortzea bultzatuz".

Jaurlaritzaren hitzetan, ITP Aerok abian jarritako hazkunde planaren aldeko apustua egin du, eta ziurtatu dute teknologia berriak eta ikerketa eta garapena erdigunean jarriko dituen egitasmo "handinahi" bat dela: "ITP Aeroren Hazkunde Plan Berria abian jartzen lagundu nahi da. Plan hori inbertsio plan handinahi batean oinarritzen da, eta teknologia berrien eta I+Gren aldeko apustua egiten du. Horrez gain, mugikortasun berdean aeronautikako lidergoa bilatzen du".

Halaber, operazio horrekin elkarlanari atea zabaldu nahi diotela ere gaineratu dute oharrean, "negozio eta proiektu berriei" bide emanez, bereziki, aeronautikaren sektorean aritzen diren enpresa txikiei.

Zamudion egoitza duen enpresaren akziodun nagusia Bain Capital inbertsio funts estatubatuarra da, Rolls Royce taldeari 1.700 milioi euroren truke erosi ondoren.

Berria zabaldu eta gutxira, Eusko Legebiltzarreko pasilloetan egin dituen adierazpenetan, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak adierazi du "operazio oso garrantzitsua" dela, ITP Aero "herri honetan enpresa estrategikoa" delako, eta epe luzerako proiektuak dituelako. Ez du argitu Jaurlaritzak zenbat diru bideratu duen akzioak erostera.

Tapiaren hitzetan, konpainia aeronautikoak EAEn "errotuta jarraitzea" eta "ikerketa eta garapenean haztea" dira emandako urratsaren helburuak.

Finkatuz Funtsaren bidez Jaurlaritzak azken hiruhileko honetan burutu duen bigarren operazioa da honakoa. Irailean, CAF enpresaren % 3 eskuratu zuen, 17 milioi euroko balioarekin.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena