Ekonomia
Lan gatazka
Agentziak | EITB Media
Batetik, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek eta bestetik, ELAk deituta, milaka langilek parte hartu dute eguerdian Iurretan eta Erandion egin dituzten manifestazioetan.
Gehiengo sindikalaren manifestazioa Iurretan egin dute, eguerdian. Argazkia: @LABsindikatua
Bizkaiko metalgintzako greba jarraipen "zabala" izaten ari da sindikatu deitzaileen arabera. FVEM patronalak, ordea, % 27ra mugatu du parte hartzea.
Sektoreko 52.000 bat langile grebara deituta zeuden gaur datozen egunetarako antolatutako lehen greban (biharko eta asteazkenerako daude deituta besteak).
Lan hitzarmena berritu gabe dute beharginok, eta negoziazioa ez atzera ez aurrera dago. Sindikatu guztiek deitu dute lanuztea, baina, lehen aldiz, zatituta egin dute. Alde batetik, gehiengoa osatzen duten sindikatuek (CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT) egin dute deialdia, eta bestetik, ELAk.
Zatiketa gorabehera, sindikatu guztiek nabarmendu dute parte hartze altua, batez ere Durangaldean. Enpresa handienetan, ekoizpena "geldituta" dago, zentralen hitzetan. LABen esanetan, Tecuni, Arteche, Bombardier, DYF eta Vicinay lantegietan, ekoizpena geldiarazi dute, eta Ormazabalen aurreko lanuzteetan baino jarraipen handiagoa izan da.
Ohar batean, FVEM patronalak esan du, 12:00ak arteko datuen arabera, enpresen % 60k euren jardunarekin jarraitu ahal izan dutela, "langile bakar bat greban eduki gabe". Datuak 211 enpresa aztertuta bildu ditu patronalak (7.000 bat langile).
Hain justu, grebak eragindako hornidura arazoak tarteko, Gasteizko Mercedesen ez dute lanik egingo larunbatean.
Aparteko istilurik ez
Goizean ez da aparteko arazorik izan. Segurtasun Saileko iturrien arabera, Ertzaintzak ez du esku hartu behar izan goizean goiz izan diren elkarretaratzeetan, eta zaintza lanak egitera mugatu dira agenteak. Rheinmetall lantegian (Zornotza), esaterako, enpresa batzordeko kideak sartzen saiatu dira, baina agenteek eragotzi egin diete.
Aitzitik, patronalak salatu duenez, "istiluak izan dira, batez ere Durangaldean, eta lantegietan kalte materialak eragin dituzte, eta lanuztearekin bat egin nahi izan ez duten langileen aurka egin dute" grebalariek.
CCOOren aburuz, polizia dispositiboa "gehiegizkoa" izan da, protesta guztiak "baketsuak" izan baitira.
Piketeek barrikadak jarri dituzte N-637an, Berrizen. Asuan (Erandio), manifestazio batek BI-604 errepideko zirkulazioa oztopatu du tarte batez.
N-634 en #Berriz cortada por barricadas #huelgadelmetal en Bizkaia pic.twitter.com/IwLSTV2Ls4
— Iker Salgado (@ikersalgadoser1) October 27, 2022
Eguerdian, manifestazio bana egin dituzte Iurretan eta Erandion. Lehenengoa, gehiengo sindikalak deituta (CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT), eta bigarrena, ELAk. Azken horretan, Mitxel Lakuntza sindikatuko idazkari nagusia izan da.
¿ Por un convenio con contenidos #BizkaikoMetalaGreban pic.twitter.com/UQIay6XTzw
— ELA Bizkaiko Metala (@ELAMetalBizkaia) October 27, 2022
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa