Ekonomia
Energia aurreztea
EITB MEDIA
Espainiar Gobernuak kontsumitzaile zaurgarrientzako babesa handituko du, erkidego galdaren faktura murriztuko du, eta laguntza fiskala emango die etxebizitzei, eraginkortasunean inbertitzeko.
Espainiako Gobernuak 73 neurri dituen kontingentzia plana onartu du. Horren helburua da gas naturaleko kontsumoan aurrezte gehigarria lortzea; hain zuzen ere, asmoa da 2022ko abuztutik 2023ko maiatzera bitartean aurrezte hori % 5,1etik 13,5era artekoa izatea Estatu espainiarrean. Europako Batzordeak ezarri du epe hori, udazkenari eta neguari aurre egite aldera, Ukrainako gerrak eragindako krisi garaiaren testuinguruan. Hala, espainiar Gobernuak kontsumitzaile zaurgarrientzako babesa handituko du, erkidego galdaren faktura murriztuko du, eta laguntza fiskala emango die etxebizitzei, eraginkortasunean inbertitzeko.
Ministroen Kontseilua amaituta, Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak adierazi du planak nahi duela "ikuspegi estrategikoa indartu, eta energiaren prezioa arrazoizkoa dela bermatzea, bai eta gainerako europarrekiko elkartasuna ere". Planaren izenburua da "Segurtasun Energetiko Handiagoa".
Riberak nabarmendu duenez, Estatu espainiarraren egoera, hurrengo neguari begira, ez da Europako beste herrialde batzuek dutenaren parekoa, kontuan izanik azken horiek mendekotasun handiagoa izan dutela, historian, Errusiako gasarekiko. Plana egiteko, 90 proposamen baino gehiago jaso dituzte, eta agiriak "elkarrizketa" izan du oinarri; halaber, egungo testuinguruan ziurgabetasuna nagusi bada ere, asmoa da eguneratzeko aukera ematea. Riberak azpimarratu du planean parte hartu duten alde guztiekin erdietsitako adostasun-maila, eta adierazi du xedea dela elkarrizketari eustea. Neurriak hilabetero aztertuko dituzte, ildo horretan.
Aurrezte hori, azken bost urteotako batezbestekoari erreparatuta, gehigarria litzateke; izan ere, egun, murrizketak eskarian % 14koak dira, gutxi gorabehera. Hala, espainiar Estatuak Beteta izango luke Bruselan aurrean hartutako konpromisoa, epe horretan % 6,4koa baita hori, Espainiako Gobernuaren iturriek zehaztu dutenez. Horrez gain, gehitu dute betetze maila izango dela handiagoa ala txikiagoa aurreikusitako jardueren barneratze mailaren arabera.
Sei bloke
Hain zuzen ere, planak sei bloke handi ditu: aurreztea eta eraginkortasuna, trantsizio ekologikoa bultzatzea, kontsumitzaileak babestea, fiskalitatea, autonomia energetikoa eta Europarekiko elkartasuna.
Hauek dira neurri nagusietako batzuk (horietarako, erregulazio markoa epe txikienean garatu behar dute): batetik, kontsumitzaile zaurgarrienentzako babesa areagotzea, bonu termikoaren eta elektrikoaren estaldura handituz, eta babesa duten herritarren kopurua ere gora eginez; bestetik, erkidegoetako galdaretarako proposamen bat lantzea (horrek 1,6 milioi etxebizitzari eragiten die), neguan faktura murrizte aldera, Ministerioaren iturriak zehaztuta.
Gainera, espainiar Gobernuak autokontsumoa bultzatzen jarraituko du; laguntzako beste 500 milioi onartu ditu (900 milioi zeuden onartuta, dagoeneko), eta sarearen bidezko autokontsumorako 500 metroak ere handitu ahalko dira.
Trantsizio energetikoan dauden etxebizitzetako inbertsioa sustatzeko laguntza fiskalak ere onartu dituzte. Espainiako Gobernuak laguntza horiek zehazten jarraitzen du.
Asmoa da, halaber, enpresa txiki eta ertainetako finantzazio publikoa bultzatzea, eta industriak babes handiagoa jasotzea. Espainiako Gobernuak, horrez gain, nahi du sektore publikoak ere laguntzea, planaren helburuetara iristeko. Gabonetako argiztapenari dagokionez, planak ez du aipamenik egiten; proposamena da administrazio publikoek energia kontsumoa doitzea, ahal duten puntuetan. Hala, argi utzi dute ez dela debekurik izango; eskatuko dute, aldiz, kontsumoa moderatzea hori egin ahal denean, dena adostasunetik abiatuta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa