Ekonomia
2023ko Aurrekontuak
Estatuko Aurrekontu Orokorretako proiektuaren gakoak
EITB MEDIA
2023rako kontuek izaera sozial nabarmena dute; hileroko 100 euroko laguntza aurreikusten dute 0-3 urte arteko hazkuntzarako, eta langabezia prestazioetan hobekuntzak eta mendekotasunerako laguntza handiagoak aurreikusten ditu.
Espainiar Gobernuko ministroen kontseiluak 2023rako Estatuko Aurrekontu Orokorretako proiektua onartu du astearte honetan. Hauek dira bazkideek egindako akordio horretako berritasun nagusiak:
- Familiak. Hileroko 100 euroko laguntza "ia unibertsala" 0-3 urte arteko hazkuntzarako. Orain arte, laguntza ama langileek soilik jasotzen zuten. Bi seme-alaba edo gehiago dituzten familia gurasobakarrak familia ugaritzat joko dituzte. Kontziliaziorako baimen berriak ezarriko dituzte.
- Langabezia. Zazpigarren hiletik, langabezian dagoen pertsonak soldatako oinarri arautzaileko % 60 jasoko du. Orain arte, erdiraino murrizten zuten, PPk egindako aldaketen ondorioz.
- Aldiriko eta Tarte Ertaineko trenek doakoak izaten jarraituko dute bidaiari errepikakorrentzat 2023an; hala, aurtengo abenduaren 31n amaitzekoa zen neurri hori luzatu egingo dute. Hain zuzen ere, Aurrekontuetan, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak 700 milioi euroko kontu saila izango du, 2022an baino % 41,2 gehiago, eta gehiena neurri horretarako erabiliko dute.
- Pentsioak. Eguneratu egingo dituzte kontributiboak zein ez kontributiboak izan, azken urteko batez besteko KPIaren arabera (2021eko abendutik 2022ko azarora arteko epeari erreparatuta). Helburua da pentsiodunen erosteko ahalmena bermatzea. Egungo aurreikusopna da igoera gutxi gorabehera % 8,5ekoa izatea.
- Bizitzeko Gutxieneko Dirusarrera. Jasotzeko zenbatekoa ere KPIaren arabera eguneratuko dute.
- Alokairu gaztearen bonuaren finkatzea: 2023an, 200 milioi euro izango ditu. Alokairu gaztearen bonua da hileroko laguntza bat, 250 eurokoa, bi urterako, 18-35 urte arteko herritarrentzat, baldin eta jasotzen duten soldata Iprem baino hiru aldiz txikiagoa bada eta alokatzen badute hilero 600 euroko edo gutxiagoko etxebizitza bat (erkidego bakoitzak 900 eurora handitu ahal du hori), edo 300 eurorainoko gela bat (450 eurora arte igo dezakete muga).
- Alokairu irisgarriko programa bat abiatuko dute, 260 milioi eurokoa.
- Gastua hezkuntzan % 6,6 igoko dute 2022koarekin alderatuta; 5.354 milioi eurokoa izango da.
- Osasun gastua % 6,7 igoko da. Lehen mailako arretak 173 milioi jasoko ditu, eta beste 500 baliatuko dituzte lehen mailako arretako eta buruko osasuneko azpiegituretarako.
- Medikuntzako lehen ikasturteko 1.000 plaza berri izatea helburu, 50 milioi erabiliko dituzte.
- Bekek inoizko kontu sailik handiena izango dute, 2022an baino 400 milioi gehiago, aukeren berdintasuna bermatzeko. Beste 300 milioi "Escuela 4.0" programan baliatuko dituzte, "teknologia hezkuntza arlora gerturatzeko".
- Mendekotasunak gastu errekorra izango du: guztira, 3.522 milioi, aurten baino 620 gehiago.
- Funtzionarioak: soldatan ezarritako % 2ko igoerari, beste bat gehituko diote, % 1,5ekoa.