17:26

Ekonomia

Industria

Nafarroako Gobernuak eta Volkswagengo enpresa batzordeak elkarrekin lan egiteko asmoa berretsi dute

Agencias | EITB Media

Chivitek "lantegian enplegua eta funtzionamendu ona bermatzeko" apustua egin du, eta langileen ordezkariek ohartarazi dutenez, "aurten hartzen diren erabakiek 2026tik aurrera eragingo digute".

  • Nafarroako Volkswagenen lantegia.

    Nafarroako Volkswagenen lantegia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Nafarroako Gobernuak eta Volkswagengo enpresa batzordeak elkarrekin egiten duten lana indartzea adostu dute lantegiaren eta hornitzaileen alde, eta "herritarren onerako" izango dela nabarmendu dute.

Foru Gobernuak, Maria Chivite presidentea buru duela, Nafarroako Jauregian hartu du batzordea, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilaria, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria eta Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria bileran daudela.

Bi aldeek lankidetzan jarraitzea adostu dute, aldizkako bileren eta lantalde espezifikoen bidez. Gainera, Foru Gobernuak batzordea babestuko du, eta berarekin lan egingo du, ministerioekin harremana errazteko eta errelebo kontratuari ekiteko, oso garrantzitsua baita lantegiarentzat jasangarritasun elementu gisa, enpresa batzordeak adierazi duenez.

Chivitek adierazi du bere Exekutiboak "lehenengo minututik" egin duela lan Volkswagenekin, "lantegian enplegua eta funtzionamendu ona bermatzeko", eta enpresarekin "erabateko hurbiltasuna eta konfiantza" duela nabarmendu du.

Gainera, Europako funtsek beste egoera bat ireki dutela adierazi du. "Guztiok batu behar gara lantegiaren enplegua bermatzeko, baina baita hornitzaileen parke osoarena ere, trantsizio energetikoaren eta digitalaren arabera. Gobernuak enpresei eta langileei lagunduko die", adierazi du.

Era berean, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak plantillaren prestakuntzarekin eta eguneratzearekin duten konpromisoa gogorarazi du. Zentzu horretan, batzordeak adierazi du prestakuntza "gaur egunerako eta etorkizunerako gai garrantzitsuenetako bat" dela, eta Volkswagen Academy nabarmendu du.

Bestalde, lantegia zeharkatzen duen trenbidea kentzearen garrantzia aipatu du Cirizak. Volkswagenen batzordeak adierazi du obra hori funtsezkoa dela etorkizunean lantegia garatu ahal izateko.

Era berean, Irujok Nafarroako lantegiari PERTEaren garapenean laguntzeko konpromisoa agertu du, eta, oro har, Europako helburuekin bat datorren trantsizio energetiko eta ekologikoaren garapenean. Ildo horretan, Europako funtsek eta Moves Planak aldaketa errazten lagunduko dutela esan du.

Langileen kezkak

Bestalde, batzordeko kideek ohartarazi dutenez, "aurten hartzen diren erabakiek 2026tik aurrera eragingo digute". "Ez dago fabrikarik Nafarroako VWen zenbakiak aurkezten dituenik", azpimarratu dute. Batzordearen arabera, beharrezkoa da ekoizpen aurreikuspenak gorantz aldatzea, eta "elkarrekin lan egitea hori posible egiteko".

Volkswagen Taldeak "ahalegin horren eta lortutako akordioen jakitun izan behar du", adierazi dute. Azpimarratu dutenez, "Gobernuak enpresarekin egiten duen lanaren irismena baloratzen dugu, Nafarroako gizartera itzuli behar baitu enplegagarritasuna bermatzeko".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena