Ekonomia
Fiskalitatea
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Hainbat erkidegok ondare zerga bertan behera utzi dutela eta, Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du EAEko erakundeen asmoa ez dela "aberatsen atzetik ibiltzea" eta, neurriak hartzekotan, diru sarreren eta gastuen arteko "oreka" bilatuta eta epemuga jarrita jardun behar dela.
Jose Luis Escriva Espainiako Gobernuko Gizarte Segurantzako ministroak egindako adierazpenei erantzun die Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Escrivak zergak zentralizatzea proposatu du, erkidegoen arteko gerra fiskalik egon ez dadin. Horren aurrean Zupiriak azpimarratu duenez, EAEko zerga sistema "berezia da, Espainiako Konstituzioan aurreikusia dago, eta Autonomia Estatutua du oinarri. Ezin lezake alde batek bere kasa eta bere erara aldatu".
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan, Escrivaren proposamenaz galdetu diote eledunari. Horren hitzetan, "sistemak beti izan behar du bi aldeen akordioaren fruitu. Beraz, edozein momentutan Espainiako Gobernuak pentsatzen badu zerbaitetan aldatu behar dela harreman fiskal hori, bada, mahai batean proposatu beharko du, eta bi aldeen artean adostu beharko dute. Guk dakigula, horrelako proposamenik ez da egon".
Andaluziako Gobernuak ondare zerga bertan behera utzi duela eta, Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du EAEko erakundeen asmoa ez dela "aberatsen atzetik ibiltzea". Ondare zerga indarrean dago EAEn, eta emandako datuen arabera, 16.000 zergadunek ordaintzen dute, biztanleriaren % 0,18k. Foru ogasunek 150 milioi euro biltzen dituzte zerga horren bidez.
EAEk duen zerga sistema eta Andaluziak ala Madrilek dutena alderatu du Zupiriak. "Gurea arrisku beteko eredua da, aparteko disziplina eskatzen du diru sarreren eta gastuen arteko orekari eusteko", azaldu du. Beste erkidegoetan, ordea, "euren diru sarreren zati handiena Estatuko Gobernuak ematen diena da, eta oso zati txikia da zerga bidez biltzen dutena".
Jaurlaritzaren iritzian, gaur gaurkoz, diru sarrera maila jakin bat lortzeko zerga politika "orekatuak" garatu behar dituzte ogasunek, eta neurriak hartzekotan, "epemugarekin" hartu behar dituzte, "segurtasun giroa" sortzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa