Ekonomia
lan gatazka
agentziak | eitb media
Aurreakordioak urteko lanaldiaren murrizketa, subrogazioa eta "berdintasun hobekuntzak" hartzen ditu barne, eta ez du ELAren babesik jaso.
Arabako metaleko langileen manifestazioa. Artxiboko argazkia: LAB
LAB, CCOO eta UGT sindikatuek "aurreakordioa" lortu dute SEA arabar patronalarekin, Arabako Metalaren hitzarmenerako negoziaketa mahaian. Horrek barne hartuko dituen baldintzen artean dira % 15etik gorako soldata igoera hitzarmena indarrean dagoen artean (2025 urtera arte) eta KPIaren berme klausula hori amaitzen denean, urteko lanaldiaren murrizketa, subrogazioa eta "berdintasunari dagozkion hobekuntzak".
Igorritako ohar batean, CCOO sindikatuak hurrengoa adierazi du: "Arabako metalgintza sektoreko langileek denboran zehar mantendutako presioak, maiatzean eta ekainean hiru greba egun izan genituelarik, aste honetarako deituta ditugun beste hirurekin batera eta mahaian izandako negoziazio bizi baten ondotik, fruituak eman dituzte arratsalde honetan, hitzarmenik gabe bost urte eman ostean".
Zehaztu duenez, LAB eta UGT sindikatuekin batera, "aurreakordioa" sinatu du SEArekin, eta horrek 20.445 euroan ezarriko du sektoreko gutxieneko soldata, orain arte 17.480 eurokoa izan delarik.
Hala, akordioak % 2ko eguneraketa jasotzen du 2021eko abenduaren 31 datarekin, 18.000 euroren azpitik zeuden soldatentzat (% 1,5ekoa, gainerakoentzat); aurtengorako, % 6,5ekoa 2022ko urtarrilaren 1eko datarekin; % 3koa 2023rako; % 2,5ekoa 2024rako eta % 2koa 2025erako.
Gainera, indarraldia amaitu ostean KPIaren igoerak ehuneko ehunean bermatuko dituen klausula aplikatuko da. Bestalde, zortzi orduko lanaldi murrizketa adostu dute hitzarmena indarrean dagoen artean.
Subrogazioari dagokionez, mantentze-lanen sektorean aplikatuko da, baita zuntz optikoaren eta telefono linearen instalzio eta mantentze-lanen sektorean ere.
Halaber, CCOOk nabarmendu egin du "berdintasun batzordea martxan jartzeko lortutako eskumen hornidura, eta sexu abusuaren aurkako batzorde bat sortzeko lortutakoa".
ELAk "eskas" ikusten ditu hobekuntzak
ELA sindikatuak, bestalde, salatu du LABek, CCOOk eta UGTk SEArekin lortutako aurreakordioak ez duela "KPIa bermatzen, eta hobekuntza eskasak gutxiengo bati bakarrik" aplikatuko zaizkiola.
ELAk positibotzat jotzen du lanaldiaren murrizketa jorratzea, baina ohartarazi du Arabako metalgintzaren sektoreak EAEko eta Nafarroako lanaldirik luzeena izaten jarraitzen duela. Gainera, azpimarratu du ez dagoela "sektoreak pairatzen dituen prekaritatea eta soldata arrakalari aurre egiteko neurririk". "Gainera, ez da 1.400 euroko soldata minimora iritsiko; hori izan da marra gorria", gaineratu du.
Sindikatuaren aburuz, negoziaketen bultzada "mobilizazioei esker eta sindikatuek abuztuaren aurretik deitutako hiru greba egunei esker" gertatu da. "Aste honetarako deitutako hiru greba egunek SEAren mugimendua faboratu dute, baina tamalez ez dute eduki nahikorik sortu", ondorioztatu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa