17:44

Ekonomia

Energia berriztagarriak

Statkraft Norvegiako enpresak EAEn bi parke eoliko jarri nahi ditu martxan, 2027an

Agentziak | EITB Media

Konkretuki, Norvegiako konpainiak Itsaraz parke eolikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta Piaspe (Gipuzkoa) ditu begiz jota. Aurrenekoak 52,8 megawatteko gaitasuna izango du, eta bigarrenak 33koa.

0:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Statkraft Norvegiako enpresak, energia berriztagarrien Europako ekoizle nagusiak, Iñigo Urkullu lehendakariari Arabaren eta Gipuzkoaren arteko mugan bi parke eoliko eraikitzeko proiektua aurkeztu dio. Inbertsioak 90 milioi euroko langa gaindituko luke.

Barbara Flesche Statkraft Europako presidenteorde exekutiboak eta Jose Miguel Ferrer konpainiaren Espainiako eta Portugaleko zuzendari nagusiak Lehendakaritza bisitatu dute astearte honetan. Urkulluri egitasmoen egoeraren eta ikuspegi estrategikoaren berri eman diote. Egitasmoek hiru ardatz dituzte: energiaren sozializazioa, industriarentzako zero kilometroko argindar hornidura eta lankidetza publiko-pribatua.

Konkretuki, Itsaraz parke eolikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta Piaspe (Gipuzkoa) dituzte begiz jota. Aurrenekoak 52,8 megawatteko gaitasuna izango du, "44.000 etxebizitza baino gehiago energia garbi, autoktono eta eskuragarriz" hornitzeko; eta bigarrenak 33koa, 24.000 etxebizitza baino gehiagori argindarra emateko gaitasunarekin.

Bi parkeak 2027an martxan jartzea espero dute.

Fleschek eta Ferrerrek lehendakariari azaldu diotenez, Statkraften estrategiak epe luzeko konpromiso bat izango du Euskadin, bertako herritarrek zein enpresek bat egin dezaten.

Horretarako, Statkraft parte-hartze soziala sustatzeko formulak erabiltzen ari da, esaterako, tokiko komunitate energetikoak. Horrela, proiektuak eragina izango duen udalerrietako zein inguruko herritarrek Euskadiko trantsizio energetikoaren prozesuan zuzenean parte hartzeko aukera izatea nahi dute, "onura ekonomiko zuzena nabaritzeko, argindar kostuetan aurrezpen esanguratsuarekin".

Konpainiak udalerri batzuk jakinaren gainean jarri ditu dagoeneko, Azpeitia, adibidez.

Nagore Alkorta (EH Bildu) Azpeitiko alkateak adierazi duenez, proiektuaren pausoak "gardentasunez" azalduko dizkiete herritarrei. Udalak Norvegiako enpresarekin hartu-emanak izan dituela esan du, eta egitasmoaren berri zutela ziurtatu du alkateak.

"Udaletan ofizialki proiektuaren eskaera aurkezten dutenean, administrazio prozedurari hasiera eman diogu, eta herritarrei gardentasunez eman beharreko pausoak azalduko dizkiegu", azpimarratu du.

Euskadiren deskarbonizazioa bultzatzeko orduan, Statkraften erronka nagusiak zeintzuk diren zehaztu dizkiote Fleschek eta Ferrerrek Urkulluri.

"Horrela, energia ekoizteko gaitasunaren % 20 baino gutxiago berriztagarria dela eta Euskadi kontsumo handiena duen seigarren erkidegoa dela kontuan harturik, Statkraftek gaitasun berriak azkar zabaltzea erabakigarria izango dela uste du, beti ingurunea eta lurraldea aintzat hartuz", adierazi du konpainiak.

Statkraft ekoizpen hidroelektrikoan liderra eta energia berriztagarrien Europako ekoizle nagusia da. Norvegiako konpainiak 4.800 langile ditu 19 herrialdetan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena