19:26

Ekonomia

Zentral nuklearra

Gaztela eta Leongo Gobernuak Garoñako jabeen esku utzi du zentrala berriro zabaltzeko bidea

Agentziak | EITB Media

Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, "berriz irekitzeko aukerarik ez dago", instalazioa "dagoeneko historia delako".

  • Garoñako (Burgos) zentral nuklearra. Argazkia: EFE

    Garoñako (Burgos) zentral nuklearra. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaztela eta Leongo Gobernuak jabeen esku utzi du Santa Maria de Garoñako (Burgos) zentral nuklearra berriro zabaltzeko bidea. Zentrala 2013ko uztailean behin-betiko itxi zuten.

Carlos Fernandez Carriedo Gaztela eta Leongo Exekutiboaren bozeramaileak prentsaurrekoa eman du, Gobernu kontseilua bildu ondoren.

Asteartean, Vox ultraeskuineko talde parlamentarioak legez besteko proposamena aurkeztu zuen, Espainiako Gobernuari Garoñako zentral nuklearra berriz zabaltzeko bideragarritasun txosten bat eskatzeko. Bitartean, Nuclenor (Iberdrola eta Endesa) zentraleko jabea Garoña desegiteko lanean ari da. Ultraeskuineko alderdiak, ordea, alternatiba "bideragarritzat" jo du berriro martxan jartzea, "aldi baterako irtenbide" bezala, baina toki berdinean erreaktore nuklear berri bat jartzea nahiago luke.

"Jabeek erabaki behar dute", errepikatu du Gaztela eta Leongo Gobernuaren bozeramaileak. Zentzu horretan, "martxan diren zentralak zabalik mantentzeko" proposamena egin dio erkidegoko Exekutiboak Espainiako Gobernuari, erantsi duenez. Horrek teorian Garoña kanpo utziko luke, datorren urtean zentrala desegiteko prozesua hasiko baita.

Horregatik, arlo horretan erabakitzeko eskumenik ez duela gogorarazi du Gaztela eta Leongo Gobernuak: "jabeek hartu behar dituzte erabakiak", kasu honetan, Endesak eta Iberdrolak. Carriedok onartu duenez, konpainiak ez dira erkidegoko Exekutiboarekin harremanetan jarri.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia Garoña berriro zabaltzearen aurka azaldu da. Nabarmendu duenez, "berriz irekitzeko aukerarik ez dago", instalazioa "dagoeneko historia delako".

Garoña lehen belaunaldiko zentral "erabat zaharkitua" zen, gogorarazi du Arabako agintariak, "arrisku onartezina" suposatzen duen teknologia batekin eta kokaleku "desegokiarekin", Bilbotik eta Gasteiztik gertu dagoelako.

Gonzalezen esanetan, Voxen proposamenak agerian utzi du "ultraeskuinak gobernatzea kaltegarria dela".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena