Ekonomia
errenten gaineko ituna
agentziak | eitb media
KIParen araberako soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta osoko erreforma fiskala eskatu ditu sindikatuak. Sailburuak, bestalde, adierazi du negoziazio koletiboa dela errenten itunari bide emango dion "bihotza".
LAB sindikatuak ohartarazi du ez duela "ondasunen banaketa bidezkoago batean" aurreratuko ez duen eta soldatak hobetuko ez dituen errenta itunik "babestuko ez elikatuko". Aldiz, KPIaren araberako soldata igoerak, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta erreforma fiskal "integrala" eskatu ditu.
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak eta Endika Perez Gizarte Ekintzarako idazkariak ikasturte berrirako "erronka nagusiak" jorratu dituzte ostegun honetan, Bilbon egindako prentsaurrekoan.
Biek ala biek ohartarazi dute "langile klasearen bizitzaren prekarizazioaz eta pobretzeaz", ez baitira "koiunturalak", ezta "fenomeno meteorologikoa" ere. Halaber, esan dute bizitzaren garestitzea ezin dela "Ukrainako gerrarekin bakarrik justifikatu". "Azalpen hori, "sinplista izateaz gain, jendearekiko iseka da¨", ohartarazi dute.
Ostera, uste dute "ondasunak gero eta esku gutxiagotan kontzentratzeko helburuarekin, langile klasearen bizitzei erasotzen dieten erabaki politiko eta ekonomikoak" hartzen ari direla, eta "emakumeei eta pertsona migratu eta arrazializatuei batik bat".
LABen arabera, "elkarren artean gurutzatzen diren ekonomia krisi sistemiko ugari" ematen ari dira, eta eta "elite ekonomiko, finantzari eta politikoek diseinatutako tratamenduak okerrekoak dira, eta norabide berean doaz".
Aranburuk ohartarazi du udazken-negurako aurreikuspenak ez direla "batere itxaropentsuak", LABek hala kalkulatuta, 2011tik 6.000 euroko bataz besteko eros ahalmenaren galerarekin.
"Sortutako aberastasunaren baneketan, langileek gero eta gutxiago dute eurentzat, eta ahalegin gehiago eskatzen dizkigute oraindik", gaieratu du. "Hori egiten du Urkulluk errenten ituna berreskuratzeaz ari denean".
Hala, lehendakariaren azken adierazpenak izan ditu hizpide. Izan ere, errenten itunaren inguruan "alde batera utzitako" eztabaida berreskuratzearen alde egin du, "beharrezkotzat" jotzen baitu. Zentzu horretan, "eragile politikoen arlotik baina baita eragile ekonomiko eta sozialekin ere" hitz egiteko gonbita egin du.
Negoziaketa kolektiboa, itunaren erdigune gisa
Bestalde, Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburuak adierazi du errenten itunak "negoziaketa kolektibotik" atera behar duela eta, ildo horretatik, eragile ekonomiko eta sozialei helaraziko die "akordioak lortzeko lan egiteko beharra, nork bere enpresaren eta sektorearen inguruan duen ezagutzatik", "errealismoz" eta "pragmatismoz".
Mendiaren aburuz, "negoziazio kolektiboa izan behar da errenten itunaren iturburu edo bihotza". PPren azken lan erreformarekin, "eztanda" egin zuen, baina "berreskuratu" egin da, Pedro Sanchezen Gobernuak gizarte eragileekin hitzartutako erreformari esker, esan duenez.
"Negoziaketa koletibotik izan behar dira enpresaburuen eta langileen arteko akordio eta oreka puntua lortzeko gai", azaldu du sailburuak eta, ohartarazi duenez, "soldaten debaluazioarekin ez goaz bide onetik".
Mendia azpimarratu duenez, azken urtean "ikusi izan dira negoziazio kolektiboari esker akordioak lortu dituzten enpresa eta sektore desberdinen adibideak", enpresa eta sektore horien "baldintzen" arabera.
Zentzu horretan, adierazi du, bere aldetik, saiatuko dela iraileko errondan eragile sozial eta ekonomikoei helarazten "hain beharrezko diren akordio horiek lortzeko lan egitearen garrantzia".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa