06:49

Ekonomia

NEURRI BERRIAK

Deskontua indarrean da Hego Euskal Herriko garraio publikoan

A. S. | EITB MEDIA

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) prezio erdian izango dira bidaiak, eta Nafarroan, % 30eko deskontua izango dute. Neurriak familien egoera ekonomikoa arindu, eta garraiobideen erabilera sustatzea du helburu.

  • Bizkaibuseko autobus bat Bilbon. Artxiboko argazkia

    Bizkaibuseko autobus bat Bilbon. Artxiboko argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) garraio publikoan % 50eko deskontua eta Nafarroan % 30ekoa gaur, ostegunarekin, sartu da indarrean. Espainiako Gobernuak aplikatutako murrizketa handitzea ebatzi zuten EAEko erakundeek; Foru Gobernuak, aldiz, bere horretan mantentzea erabaki zuen, eta, hala, beherapena txikiagoa izango da.

"Familien egoera ekonomikoa arintzeko" eta herritarrek garraio publikoa gehiago erabil dezaten jarri da martxan neurri berria, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren esanetan. Laguntza abenduaren 31ra arte luzatuko da. Sailburuak atzo aurkeztu zituen deskontuok Amarako Euskotrenen geltokian, Donostian. Agerraldian nabarmendu zuenez, lortutakoa oso garrantzitsua da Euskadirentzat, gai izan baita "laguntza ehuneko handienarekin emateko". Hala, pozik agertu zen administrazio guztiek hasieratik izan duten jarreragatik.

Bizkaian, Bilboko Metroko, Bilbobuseko eta Artxandako Funikularreko abonuek % 50 gutxiago balioko dute. Hemen kontsulta ditzakezue garraiobide publiko bakoitzaren bidaia txartelen prezio berriak.

Gipuzkoan, dBus, Lurraldebus eta Euskotrenen abonuek erdia balioko dute ere. Esteka honetan ikus daitezke garraiobide publikoen tarifak.

Gasteizen, berriz, eguneko autobusaren, gautxoriaren eta tranbiaren abonuek ere erdia kostatuko dute. Gainera, Tuvisa enpresak azaldu duenez, 12 urtetik beherako pertsonek doan bidaiatzeko aukera izango dute Gasteizko hiri-autobusetan, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu indarrean noiz sartuko den. Informazio guztia hemen duzue.

Nafarroan, Iruñerriko Hiri Garraioan ere aplikatuko da deskontua. Hala, laguntzok % 30eko beherapena ekarriko dute TUCen egungo tarifen gainean, txanpon-tituluei eta aldi baterako tituluei dagokienez. Zerbitzuak zehaztu duenez, neurriak ez ditu barne hartuko abonuekin edo bidaia anitzeko txartelekin ordaintzen ez diren txartel edo tiket arruntak.

Amaitzeko, Euskadin eta Nafarroan aldiriko hainbat linea dituen Renfeko erabiltzaileek ere laguntzak izango dituzte. Doakoa izateko, baina, gutxienez 16 bidaia egin beharko dira urtea amaitu arte, eta aurretik 10 euroko fidantza ordaindu beharko du erabiltzaileak aldirikoetan, eta 20 eurokoa distantzia ertainetan. 16 bidaia horiek egindakoan, dirua itzuliko du Renfek.

Horretarako, web orriaren edo Renferen aplikazioaren bidez eskatu behar da fidantza bueltan. Erabiliko dugun nukleoa aukeratu eta "ohiko bidaiarientzako doako abonua" aukera hautatu. Hemen dituzue azalpen guztiak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena