Ekonomia
ENERGIA AURREZTEKO NEURRIAK
EITB MEDIA
Besteak beste, "ibilgailu pribatuaren erabilera birpentsatzera eta garraio publikoa sustatzera" deitu dituzte herritarrak, eta "aire girotua, berogailua, ur beroa edota energia elektrikoa" modu eraginkorragoan erabiltzera.
Argazkia: Pixabay
Energiaren kontsumoa murrizteko eta baliabide naturalak modu eraginkorragoan aprobetxatzeko aholkuak helaraziko dizkie Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteotan herritarrei, informazio kanpaina ezberdinen bidez. Eguneroko ohiturak aldatzea proposatuko da, horretarako neurriak zeintzuk izan daitezkeen azalduz.
Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak sustatuko ditu kanpainak, eta Jaurlaritzak, gaur, ohar bidez jakitera eman duenez, "aldaketa-proposamen horiek bat etorriko dira Europar Batasunean, Estatuan edota euskal erakundeen esparruan hartutako irizpideekin eta jarraibideekin". Hala, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusiak esan du "datozen hilabeteetan energia aurrezteko pedagogia aktiboa egiteko konpromiso osoa dutela".
Besteak beste, "ibilgailu pribatuaren erabilera birpentsatzera eta garraio publikoa sustatzera" deituko dituzte herritarrak kanpaina horietan, eta "aire girotua, berogailua, ur beroa edota energia elektrikoa" modu eraginkorragoan erabiltzera.
Jaurlaritzak zehaztu duenez, "pandemiaren eta Ukrainaren inbasioaren ondorioek premiazkoagoa egiten dute Garapen Jasangarrirako Helburuekiko konpromiso globala, tokikoa eta pertsonala". "Auzolan global eta planetarioa da. Zeregin horretara mundu osoko pertsona guztiok deituta gaude, batez ere ekonomia aurreratuenetako herrialdeetan eta gizarteetan. Premia baten aurrean gaude, baita aukera handi baten aurrean ere", jaso dute oharren, hitzez hitz.
Energia aurreztea, deskarbonizazioa eta energia berriztagarrietarako trantsizioa dira planetari klima-aldaketaren aurrean laguntzeko oinarrizko euskarriak, Fernandezen arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa