13:59

Ekonomia

Lan gatazka

Irailetik aurrera Bizkaiko metalgintzan "greba gehiago" egongo direla ohartarazi dute sindikatuek

Agentziak | EITB Media

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek salatu dute FVEM patronalak ez duela "eduki berririk" eraman negoziazio mahaiaren azken bilerara, eta ekoizpena geldituko dute berriro irailerako deituta dagoen horretarako "ulertzen ez badu aberastasuna langileen artean banatu behar dela".

  • Zazpi sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan.

    Zazpi sindikatuetako ordezkariak, prentsaurrekoan. Argazkia: @LABsindikatua

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek ohartarazpena egin diote gaur FVEM (Metalgintzako enpresen Bizkaiko Federazioa) patronalari: Bizkaiko metalgintzaren lan hitzarmena berritzeko negoziazioan "jarrera aldatzen ez badu", irailetik aurrera "greba gehiago" deituko dituzte. Izan ere, salatu dutenez, negoziazio mahaiaren azken bileran patronalak ez zuen "eduki berririk" eraman, eta hurrengo bilerarako —irailaren 13rako dago iragarrita— burua lehengo lepotik badu, langileak aktibatu eta "ekoizpena geldituko" dutela iragarri dute. 

Sektorearen plataforma bateratua osatzen duten zazpi sindikatuek prentsaurrekoa egin dute FVEM patronalak Bilbon duen egoitzaren aurrean. Komunikatu bateratu bat irakurri dute bertan. Azaldu dutenez, asteazkenean egin zuten batzarra enpresaburuen ordezkariekin. Sindikatuen hitzetan, patronalak "harropuzkeriaz" jokatu zuen eta "plataforma bateratuaren 17 puntuak erabat baztertu zituen. Soldata igoera proposamenak oso txikiak dira, eta oraindik ere elementu erregresiboak sartu nahi ditu baja osagarrien eta malgutasunaren arloan", kritikatu dute. 

Iraileko bilerari begira baikorrak ez diren arren, aldaketa espero dute patronalaren aldetik. Halakorik ezean, prest agertu dira "mobilizatzeko eta sektorea berriro aktibatzeko irailetik aurrera". 

"Patronalak ulertzen ez badu sortzen ari den aberastasuna Bizkaiko metaleko langileen artean banatu behar dela, eta KPI hain altu horien kostua guk ordaindu behar dugula pentsatzen jarraitzen badu, erantzuna oso argia izango da: ekoizpena geldituko dugu eta kaleak beteko ditugu. Bizkaiko metalean greba gehiago izango dira", ohartarazi dute. 

Confebask EAEko patronalak —Cebek bizkaitarra horren parte da— sindikatuekin "errenta akordio orekatuak" adosteko deiaren aurrean, KPI altu honekin patronalak etekinak banatzen ez baditu, gatazka egongo dela iragarri dute. "Gatazka dagoenean bakarrik daude akordioak lortzeko prest", esan dute. 

Gogorarazi dutenez, Bizkaiko metalgintzak hiru greba egun izan zituen ekainean eta uztailean, eta "ekoizpena geldiaraztea" lortu zuten langileek, "indar erakustaldi" betean. 

Euren hitzetan, langileek ez dituzte "patronalak eskaintzen dituen apurrak onartzen". Era berean, greba egunetako "errepresioa eta Ertzaintzaren jarrera" salatu dituzte, eta eskatu dute "langileen kontrako errepresaliarik ez egotea".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena