Ekonomia
Mercedes-Benz Gasteiz
EITB Media
Langileen % 57k bozkatu dute lan itunaren alde. Aurka zeuden sindikatuek (ELA, LAB eta ESK) bertan behera utzi dituzte grebak.
Mercedes-Benzek Gasteizen duen lantegia. Argazkia: EITB Media
Sindikatuek eta erakundeek pozik hartu dute Gasteizko Mercedes-Benzeko langileek lan hitzarmenari emandako babesa.
Zehazki, langileen % 57k (2.601 pertsona) babestu dute lan hitzarmena berritzeko CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek zuzendaritzarekin erdietsitako aurreakordioa. Balizko emaitzaren inguruan ziurgabetasun handia bazegoen ere —bederatzi greba egun egin dituzte langileek, eta ekoizpena etenda egon da—, azkenean, erantzun argia eman dute langileek. Multinazionalak iragarritako inbertsio milioidunak ere bide samurragoa du, horrenbestez.
Oso parte hartze handiarekin (% 94,69) egin zuten atzo, astelehenarekin, erreferenduma, bozketaren garrantziaren erakusle. EAEko enpresa handiena da Gasteizko Mercedes, eta 5.000 bat langile ditu. Horrez gain, beste 30.000 zeharkako lanpostu sustengatzen ditu.
Sindikatuetako iturriek emandako datuen arabera, beharginen % 43k (1.939 pertsona) bozkatu dute aurreakordioaren kontra ELAk, LABek eta ESK-k egindako deiari jarraiki. Sindikatu abertzaleek akordioa "nahikoa ez" dela uste dute, soldatak ez baitira KPIaren arabera igotzen.
Emaitzak ezberdinak dira lan zentroaren arabera. Izan ere, bulegoetan baiezkoa aise gailendu da (% 90ak bozkatu du aurreakordioaren alde), baina, tailerretan, ezetzak irabazi du (% 52).
Aurka zeuden sindikatuek (ELA, LAB eta ESK) bertan behera utzi dituzte grebak.
Sindikatuen balorazioa
Aurreakordioa babestu duten sindikatuek (CCOO, UGT, Ekintza eta PIM, 17 ordezkari) pozez hartu dute langileek emandako babesa.
CCOOren ustez, "erabaki historikoa" da. "Lantegiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa zen, inoizko inbertsio handiena ekarriko du, eta, batez ere, beharginen lan baldintzak hobetuko ditu", azaldu du sindikatuak ohar batean.
UGT-Euskadiko Industria Federazioak (FICA) espero du aurreakordioaren aurkako botoa eman duten langileek bat egin eta "gehiengoaren borondatea" onartzea.
"Ezezkoa eman dutenek, euren erabakiarenganako errespetuaz, akordioarekin bat egitea espero dugu, behargin gehienen borondatea onartuz eta galdeketaren emaitza sinatuz", azaldu du sindikatuak. "Hori da benetako demokrazia", erantsi du.
Aitzitik, ituna babestu ez duten sindikatuen artean, LABek egin du balorazioa. Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Mikel Diaz de Aldak azaldu du tailerretan ezetzak irabazi duela, baina zenbaki osoei erreparatuta baietza nagusitu dela, batez ere, bulegoetan zein boto telematikoan akordioaren aldekoak gailendu direlako. Dena dela, azpimarratu duenez, "pozik gaude jendeak lan baldintza onak lortzeko egin duen borrokarengatik, eta uste dugu oso inportantea dela eta bide bat markatu dela gure lan baldintzen alde borrokatzeko".
Ohar batean, langileek euren baldintzen alde egindako "borroka" goraipatu du ELA sindikatuak. Horren aburuz, mobilizazioek "inflexio puntua" markatu dute "Mercedeseko borroka sindikalaren historian" eta negoziazioa "enpresak eta bere aliatuek nahiko zuketena baino egoera hobean" jarri dute. Era berean, tailerrak hitzarmenari emandako "ezetza" nabarmendu du, bertan aplikatuko baitira baldintzak. Azkenik, erreferenduma egiteko moduak kritikatu ditu sindikatu abertzaleak, baita Jaurlaritzak gatazkan erakutsitako jarrera ere. "Mercedeseko langileei presio zuzena egin die, gezurra den mezu bat sumisioz onar dezaten: enpresek inbertitzeko erabakiak ez daude plantillek
murrizketak eta kontziliazioaren aurkako erasoak onartzearen mende", salatu du horren harira.
Zuzendaritzaren balorazioa
Bestalde, "etorkizun esperantzagarri baten alde egindako apustua" eskertu die Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak beharginei.
Zer da langileek babestu dutena?
Babestutako dokumentuaren arabera, % 6ko soldata igoera izango dute aurten, baita % 2,25eko igoerak ere 2023tik 2026ra bitartean. Horrez gain, "seigarren gaurik" ez dute izango.
Bestalde, errelebo-kontratuen bidez, 250 behargin baino gehiago erretiratzea aurreikusten du, hori bai, baldintzak betetzen dituzten langileentzat. Era berean, aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea planteatzen du, horietako 150, hitzarmena sinatzean.
Gainera, helburuen araberako ordainsariak adostu dituzte; urtean 200.000 ibilgailu baino gehiago ekoitziz gero, 500 euro; eta 2.250 euroko beste ordainsari bat, emaitzen eta adierazle batzuen arabera.
Erakundeen balorazioa
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak txalotu egin du emaitza, eta adierazi du orain multinazionala "kobentzitu" behar dutela, jakin dezan Gasteizko lantegia "egokiena" dela inbertsioa egiteko.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren ustez, bozketaren emaitzak "bermatu" egingo du lurraldeko ekonomia, eta "etorkizun baikorra" zabalduko du.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak uste du langileen erabakia "urrats handia" dela "hiriko etorkizun ekonomikorako funtsezko inbertsioa bermatzeko".
Ildo beretik mintzatu da Mikel Amundarain Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea ere. Esan duenez, "pauso garrantzitsua" da beharginek emandakoa, eta multinazionalak agindutako 1.200 milioi euroko inbertsioa "erraztuko" du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa