09:58

Ekonomia

Akordioa Mercedesen

Mercedeseko sindikatuak pozik adostutako testuari langileek emandako babesagatik

O. P. | EITB Media

UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek azpimarratu dute aurreakordioari babesa ematea ezinbestekoa zela multinazionalaren zuzendaritzarentzat, 1.200 milioiko inbertsioa egiteko. LABek eta ELAk langileen mobilizazioak eta lan-baldintzak hobetzeko borroka azpimarratu dituzte.

  • Gasteizko Mercedesko langileen martxetako bat. EFEren artxiboko irudia

    Gasteizko Mercedesko langileen martxetako bat. EFEren artxiboko irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bai Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzarekin hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu zuen gehiengo sindikala -UGT, CCOO, Ekintza eta PIM-, bai hura baztertu zuten hiru sindikatuak -ELA, LAB eta ESK- pozik agertu dira langileek adostutako testuari emandako babesagatik.

2.601 langilek, totalaren % 57k, hitzarmen berri horren alde bozkatu du astelehenetik astearte goizera bitarte egindako erreferendumean, eta 1.939 langilek, % 43k, kontra bozkatu du. Parte-hartzea % 94tik gorakoa izan da

Emaitzak jakin orduko, aldeko botoa babesten zuten sindikatuek nabarmendu dute akordio hau garrantzitsua dela Euskadiko enpresa handiena den 5.000 langileentzat ez ezik, zeharka mantentzen dituen 30.000 enplegurentzat ere. 

UGT-Euskadiko Industria Federazioak (FICA) espero du aurreakordioaren aurkako botoa eman duten langileek bat egin eta "gehiengoaren borondatea" onartzea.

Bozketaren emaitza modu "oso positiboan" baloratu du sindikatuak ohar batean, "langileen gehiengoak (% 57k) erantzukizunez erantzun duelako hautestontzien aurrean, akordioari baiezkoa emanez, lantegiaren eta euren etorkizunaren aldeko apustua eginez".

"Ezezkoa eman dutenek, euren erabakiarenganako errespetuaz, akordioarekin bat egitea espero dugu, behargin gehienen borondatea onartuz eta galdeketaren emaitza sinatuz", azaldu du sindikatuak. "Hori da benetako demokrazia", erantsi du.

CCOOk "erabaki historikotzat" jo du aurreakordioari emandako babesa; "ezinbestekoa zen lantegiaren etorkizunerako, bere historiako inbertsiorik handiena ekartzea ahalbidetuko duelako, eta, batez ere, langileen baldintzak hobetuko dituelako", ohar batean azaldu duenez. 

Izan ere, konbenioari baiezkoa ematea nahitaezko baldintza zen multinazionalaren zuzendaritzarentzat, hark ziurtatu baitzuen, aurrera ateraz gero, 1.200 milioiko inbertsio hori gauzatuko zuela Gasteizko lantegian. Inbertsio horrek, zuzendaritzaren arabera, lantegia modernizatu eta ekoizpen ahalmena bikoiztea ekarriko du, bai eta auto elektriko berriak ekoizteko moduetara egokitzea ere. 

CCOOk "parte-hartze izugarria" ere nabarmendu du, eta azpimarra berezia jarri du "plantillaren ongizatea eta lantegiaren etorkizuna kolokan jarri duten kutsatutako testuinguru batean" langileen % 57k alde bozkatu izanean.

ELAk, LABek eta ESKk grebak bertan behera utzi dituzte, eta borrokak "emaitzak eman" dituela uste dute, enpresak eta gehiengo sindikalak nahi zuten akordioa sinatu ez delako.

Ondorioz, mobilizazioak amaitu dira Gasteizko lantegian. Lanuzte batzuk sindikatu guztiek deitu zituzten; beste batzuk ELAk, LABek eta ESKk, baina bederatzi egunetan zehar ekoizpena gelditzea lortu zuten.

Hiru sindikatuak aurreakordioaren aurka eta erreferendumean ezezko botoaren alde agertu dira. Galdeketaren emaitza ikusita, asteazken, ostegun eta ostiralerako lanuzte deialdiak bertan behera uztea erabaki dute, gehiengoaren akordioa egonik, "legez kanpokotzat" jo ditzaketelako.

Baliteke gaurkoa "desengainu" eguna izatea askorentzat, beste batzuentzat "lasaitu" edo egun "normala", baina hiru sindikatuentzat "ez da egun etsigarria", ziurtatu dutenez, nahiz eta "seguru, hobeagoa izan zitekeen, ez da etsigarria".

Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak balorazio positiboa egin du emaitza jakin bezain laster. Radio Euskadiri egindako adierazpenetan, esan du soldata igoerak KPIari lotuta ez zeudelako hitzarmena errefusatu zuten hiru sindikatuak "pozik" daudela azken asteetan langileek egindako mobilizazioekin; greba egin duten 9 egunetan ekoizpena gelditzea lortu dute.

"Langileek erakutsi dute lan-baldintza duinen alde borrokatu dutela eta borrokatzeko prest daudela, eta hori dela hurrengo hitzarmenetan lan-baldintza hobeak lortzeko bidea", esan du LABek Mercedesen duen ordezkariak.

ELAk ohar batean adierazi du pozik daudela "puntu honetara enpresak eta bere aliatuek nahiko luketena baino hobeto iritsi" direlako, baina erreferendumean zuzendaritzak ere parte hartu izana errefusatu du "langile guztien artean langileriaren zati bati eragiten dioten baldintzak bozkatu direlako".

Halaber, enpresak erabilitako "beldurraren diskurtsoa" eta "Eusko Jaurlaritzak langileei egindako presio zuzena" salatu ditu, "gezurra den mezu bat sumisioz onar dezaten: enpresek inbertitzeko erabakiak ez daude plantillek murrizketak eta kontziliazioaren aurkako erasoak onartzearen mende". 

Hala eta guztiz ere, sindikatuak positibo jo du plantillak "lan sistema anker bat proposatu nahi zuenari aurre egin" izana, eta borrokan zehar "naturaltasunez hitz egin izana orain arte ia tabu ziren gaiei buruz, hala nola malgutasuna eta igoera ez-finkagarriak". Era berean, zoriondu egin ditu ezezkoa bozkatu duten langileak "emaitzak azken asteetan adierazi dena adierazten duelako: ez dela nahikoa seigarren gaua kentzea lortu izana, ez dela nahikoa hitzartutako igoera". "Emaitzaz gaindi, merezi izan duen borroka izan da, zalantzarik gabe", azaldu du erakundeak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena