13:20

Ekonomia

'Arabako Mahastiak'

"Arabako Mahastiek" baimena eskatu dute Espainian Errioxako ardoa euren jatorri-izenaz saltzeko

EITB MEDIA

Europar Batasuna, bitartean, jatorri izen horretarako abala eskatzen duen espedientea ari da aztertzen. Eskabidea behin-behinekoa izango litzateke, Bruselak ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak eskatutakoari oniritzia ematen dion ala ez jakinarazi arte.

  • Igor Arizmendiarreta eitb.eus-eko erabiltzaileak Guardian hartutako argazkia.

    Igor Arizmendiarreta eitb.eus-eko erabiltzaileak Guardian hartutako argazkia.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio Espainian "Arabako Mahastiak" etiketako ardoa saltzeko baimena izatea, Europar Batasunak jatorri izen horretarako abala eskatzen duen espedientea erabakitzen duen bitartean. Jaurlaritzaren iturriek baieztatu dute eskabidea jaso dutela; hori bai, behin-behinekoa litzateke, kontuan izanik Bruselak ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak eskatutakoari oniritzia ematen dion ala ez adierazi behar duela. Europar Batasunak eskabideari ezezkoa emango balio, ABRA elkarteak marka hori baztertu beharko luke; Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak erabateko desadostasuna agertu du etiketa horrekiko.

Arabako ardoetarako berezko jatorri izena sortzeko proiektua 2016an hasi zen; orduan, 40 bat upategik eskatuta, ABRAk horretarako prozedura abiatu zuen. Urtebete geroago geldiarazi egin zuten prozedura hura; izan ere, orduan, Errioxa Jatorri Izena Arautzeko Kontseiluak bere ardoek desberdintzapen handiagoa izatea onartu zuen, eta aukera zabaldu zuen etiketetan islatzeko botilak zein eskualdetan edo udalerritan sortuak ziren.

2019an, ABRAk eskaria berraktibatu zuen; izan ere, bere iritziz, desberdintzapen hark ez zuen betetzen espero zutena. Gerora, 2021eko martxoan, Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman zion "Arabako Mahastiak" jatorri izena tramitatzeari.

Errioxa Jatorri Izenak helegitea aurkeztu zuen "jatorri izen berri eta artifiziotsu horren aurka", baina Eusko Jaurlaritzak baztertu egin zuen, eta espedientea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora bidali; izan ere, Ministerio horrek du eskumena Europar Batasunaren aurreko erregistroa betetzeko. Garai horretan, espainiar ministro Luis Planasek esan zuen jatorri izen hura ez zuela gogoko, kontuan izanik Errioxa Jatorri Izena "benetako erreferentzia" dela, "nazioarte mailan", bai eta "Europar Batasunean balio handienetakoa duten ikurretako bat" ere.

Planasek gehitu zuenez, "batzen duena ondo dago, eta kentzen duena, aldiz, ez da egokiena"; nolanahi ere, argi utzi zuen gaia upategietako arduradunek konpondu behar zutela, eta Ministerioak eskabidea bideratu behar zuela Bruselaren aurrean.

Errioxako Gobernua ere, aurka

Errioxako Gobernua ere marka horren aurka azaldu da; esan duenez, "konfrontazioa" du ardatz, "merkatuetan eta kontsumitzaileen artean nahasmena sortu nahi du", eta, gainera, "ez du babes espezifikorik izateko beharra justifikatzen duten elementu bereizgarririk". Beti aldeztu izan du Errioxa Jatorri Izenak autonomia erkidegoez gaindiko jatorri izen gisa duen batasuna; Nafarroa, Euskadi eta Errioxa daude tartean.

Espedientea Europar Batasunak du, baina baliteke ebazpenak luze jotzea; hori dela eta, ABRAk erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea behin-behinean "Arabako Mahastiak" marka erabili ahal izatea, hasiera batean, Espainian soilik.

Arantxa Tapia sailburuak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak izango du ardura eskariari erantzuna emateko; ez dago zehaztuta noizko egin behar duen, kontuan izanik horrelako kasurik ez dela araututa, Sailaren iturriek EFEri esan diotenez.

Egun, ez dago argi zenbat upategik nahi duten baliatu etiketan "Arabako Mahastiak" izena; duela sei urteko ekimenarekin bat egin zuten 40 upategietako asko ez omen daude orain proiektuan epe horretan hala erabaki dutelako.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena