Ekonomia
Greba Mercedesen
E. G. | EITB Media
Konpainiaren arduradunek jakinarazi diete erabakia enpresa batzordeko kideei. Greba deitu duten sindikatuek (ELA, LAB eta ESK) "nagusikeriaz" aritzea leporatu diote enpresari. CCOOk ere (ez du grebarekin bat egin) uste du enpresak "oker jokatu" duela gaur.
Albisteak (3)
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko zuzendaritzak sindikatuekin egiten ari zen negoziazioa eten du lanuzteek dirauten artean. Hala jakinarazi diete konpainiaren arduradunek gaur enpresa batzordeko kideei, bi aldeek egin duten bilera laburrean (ordu erdi eskas iraun du).
Berez, gaurko batzarra zuzendaritzak asteartean egindako proposamenaren harira jarrerak hurbiltzeko zen. Hain justu, proposamen horretan "aurrerapausoak" atzemanda, greba deialdia bertan behera uztea erabaki zuen gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, Ekintza eta PIM). ELAk, LABek eta ESK-k, ordea, lanuzteei eustea erabaki zuten (asteon hiru egunez: asteazken, ostegun eta ostiral) lan hitzarmenaren "benetako negoziazio" bat eskatzeko. Gaurko lanuztea, "aurrekoak bezala", jarraipen "oso zabala" izaten ari da, sindikatuon hitzetan. Horrenbestez, ekoizpena eten behar izan dute Gasteizko lantegian.
Ingurumari horretan, zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi dio negoziazio mahaian aurrerapausorik egongo ez dela ekoizpena etenda dagoen artean, eta, hortaz, hartu-emanak etenda egongo direla.
Sindikatuen balorazioa
ELA, LAB eta ESK sindikatuek "nagusikeriaz aritzea" leporatu diote zuzendaritzari, eta salatu dute negoziazioak eteteko erabakiarekin "langileak gutxietsi eta mobilizazioa handitu" baino ez duela lortzen.
"Titos jaunak negoziazioen lema hartu du berriro, baina ez jarrerak hurbiltzeko eta langileek esan diotena entzuteko, baizik eta negoziazioa eteteko. Orain diote grebak dauden bitartean ez dutela negoziatuko, baina duela egun batzuk egin zuten", salatu dute.
Bestalde, Roberto Pastor CCOOko kideak Euskadi Irratiari esan dionez, "zuzendaritzak oker jokatu du gaur, negoziazioan aurrera egin eta akordio bat lortzeko aukera zeukan eta". Sindikatu horrek eta greba deialdiarekin bat egin ez duten beste zentralek (UGT, Ekintza eta PIM) oinarrien iritzia bilduko dutela jakinarazi dute, aurrerantzean hartu beharreko pausoak erabakitzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa