Ekonomia
Lan gatazkak
Agentziak | EITB Media
ELAk, LABek eta ESK-k deitutako grebekin bat egin ala ez erabakitzeko, zuzendaritzak asteartean zer proposatuko duen jakin arte itxarongo du batzordeak. Asteazkeneko lanuzteak bere horretan jarraituko du; egun horretan bilduko da lehendakaria Alemaniako Mercedes-Benzeko zuzendaritzarekin.
Ekainaren 22ko manifestazioa. EITB Media.
Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko enpresa-batzordeak gaur erabakiko du, fabrikako zuzendaritzarekin bildu ondoren, ELA, LAB eta ESK sindikatuek ostegunerako eta ostiralerako deitutako lanuzteak babesten dituen ala ez. Greba hori datorren asteazkenerako programatutako eta batzorde osoaren babesa duen lanuzteari gehituko litzaioke.
Mercedes-Benz lantegiko langileen ordezkaritza-organoa (ELA, LAB, ESK, CCOO, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuek osatua) astelehen honetan zen erabakitzekoa ELA, LAB eta ESK sindikatuek ostegun eta ostiralerako deitutako lanuzteekin bat egingo zuen ala ez. Baina, Roberto Pastorrek, CCOO sindikatuak batzordean duen bozeramaileak, Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, erabakia atzeratu egin da, datorren asteartean langileek eta zuzendaritzak egingo duten bileran enpresak zer proposatuko jakin arte itxarongo dute erabaki hori hartzeko.
Pastorrek espero du, zenbait alderditan "aurrera egin den bezala", Arabako lantegiko arduradunak malgutasunari buruzko gaietan plantillak onargarri jotzeko adinako "jauzi bat" emateko prest egotea.
Mercedes-Benzeko sindikatuek mobilizazioei ekin diete berriro, enpresak lantegian 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa egiteko baldintza gisa plantillak lan-malgutasuna handitzea onartzea jarri duela jakin ostean.
Era berean, batzordean ordezkaritza duten sindikatuetako batzuek ohartarazi dute multinazionaleko arduradunek langileen soldatak jaistearen baldintzapean jarri nahi dutela inbertsio hori bera.
Langileek bi aste daramatzate mobilizazioak egiten. Lehenengo grebak, ekainaren 22rako deituak, jarraipen zabala izan zuen eta, esaterako, ekainaren 29an milaka pertsonak parte hartu zuten Gasteizko lantegiko beharginen aldeko manifestazioan.
Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburua multinazionalaren zuzendaritzarekin bilduko dira asteazken honetan, uztailaren 6an, Alemanian. Tapiak ekainaren 23an adierazi zuenez, Alemaniara egingo duten bidaiaren helburua "langileen arazoez hitz egitea da, baina, batez ere, inbertsio berriez, laguntzaz eta lankidetza publiko-pribatuaz".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa