12:56

Ekonomia

Greba, Bizkaiko metalgintzan

Bizkaiko metalgintzako hirugarren greba egunaren jarraipena % 85ekoa izan dela diote sindikatuek

EITB MEDIA

Enpresa handi, ertain eta txikiek lanuzteekin bat egin dutela eta Metaleko langileen "hiru eguneko grebak izugarrizko indar erakustaldia" izan dela uste dute.

0:38
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELA eta LAB sindikatuek ostiral honetan Bizkaiko Metalaren sektorean deitutako grebaren jarraipena % 85etik gorakoa izan dela adierazi dute. Lehen ordutik egindako mobilizazioak "oso ugariak izan dira", baina Ertzaintzaren jarduera bidegabea eta neurrigabea salatu dute.

ELAk adierazi duenez, enpresa handiek, ertainek eta txikiek lanuzteekin bat egin dute, eta Bizkaiko metalgintzako langileek "sekulako indarra erakutsi dutela" uste du.

Era berean, Bilboko eguerdiko manifestazio jendetsua "aberastasuna banatuko duen Metalaren Hitzarmenaren aldeko aldarria" izan dela azpimarratu du. ELAk adierazi duenez, "negoziazioa blokeatu nahi duela erakutsi duen patronalaren aurrean, borrokarako eta grebarako tresna funtsezkoa da".

Bestalde, LAB sindikatuak esan du ekoizpena eten egin dela berriro Bizkaiko enpresa enblematikoetan, hala nola ITP, Arteche edo Estampaciones Bizkaia enpresetan.

LABek egun hauetako "poliziaren basakeria, langileen eskubideen aurkako jarrera, kolpeak, identifikazioak, miaketak eta atxiloketak" salatu ditu.

Bizkaiko metalgintzako 52.000 bat langilek greba eguna dute gaur, ostirala, azken zortzi egunetan hirugarren aldiz, hitzarmena berritzea helburu. Hain zuzen, ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute greba; izan ere, zentralek diotenez, ez dute hainbat eskaerarako erantzunik jaso. Besteak beste, soldata-igoera KPI +1ekoa izatea nahi dute, eta patronala gehienez % 2 eskaintzen ari da.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena