Ekonomia
Gasa
EITB MEDIA
Juan Andres Diez de Ulzurrun Bahia de Bizkaia Gaseko presidente eta Enagaseko zuzendariordearen esanetan, gasaren prezioak "igotzen jarraituko du", horren harira, irtenbidea Euskadik bere gas propioa ustiatzea izango litzaketela uste du, Arabako lur azpian dagoen gasari erreferentzia eginda.
Bermeo parean, Kantauri itsasoaren uretan, dago Gaviota plataforma. Argazkia: Marian Juarros
Enagas Espainiako gas konpainiak Kantauri Itsasoko uretan dagoen Gaviota plataforma guztiz beteko du aurki, datorren neguan erregai hori hornitzeko ahalmena indartzeko.
Hala iragarri du Juan Andres Diez de Ulzurrun Bahia de Bizkaia Gaseko presidente eta Enagaseko zuzendariordeak Bilboko Ganberak gasaren inguruan antolatu duen jardunaldi batzuetan.
Enagaseko zuzendariordeak ez du uste gasaren prezioari muga jartzeko onartu berri den iberiar 'salbuespena'k argindarraren "fakturan eragina izatera" helduko denik, eta merkatuan egindako "esku hartzetzat" jo du. "Prezioak igotzen jarraituko du, nire kalkuluen arabera, duela urte batzuetako balioetara helduko da berriz", ohartarazi du.
"Aurreikusita dauden neurrietako batzuk merkatuan dauden agenteek euren baliatuko dituzte", azaldu du. Gogorarazi duenez, hasiera batean faktura % 40 merkatuko zela esan zuten, gero, % 15era jaitsi, eta "orain arte ez dugu emaitzarik ikusi".
Horren aurrean, irtenbidea, Diez de Ulzurrunen arabera, Euskadik bere gas propioa ustiatzea izango litzateke. Arabako lur azpian dagoen gasa jarri du horren adibide (fracking bidezko ustiapena), eta azpimarratu du horretarako ez dela inbertsio handirik behar. "Ustia dezagun behingoz hor azpian dugun hori. Gas megawatta 80 euroan dagoen honetan, hor dagoen gasa euro batean atera dezakegu. Ez du zentzurik hor azpian uztea", aldarrikatu du.
Aljeriaren eta Espainiaren artean sortu den krisi diplomatikoak gas merkatuan izango duen eraginaren harira (Espainiako Estatuak gasaren % 10 inportatzen du bertatik), aurreikusi du "borroka eta lehia" egongo dela inportazio horiek ordezkatzeko. Italia jarri du adibidetzat, eta azaldu du Afrika iparraldeko herrialde horren "gasa erosteari" ekin diola.
Errusiak sektorean duen nagusitasuna ezin dela ezbaian jarri azpimarratu du Diaz de Ulzurrunek: "Gasa soberan du, oso autarkikoa da, Europar Batasunaren betoak ez dio apenas eragingo, atzerriko herrialdeekin dituen merkataritza harremanak % 20 baino ez dira". Azaldu duenez, Errusia ari da jada Txinarekin negoziatzen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa