Itxi

Ekonomia

polizia operazioa Bizkaian

23 pertsona atxilotu dituzte laguntza sozialetan milioi bat euro baino gehiagoko iruzurra egitea egotzita

Agentziak | EITB Media

Espainiako Poliziak egin du operazioa. Etxebizitza alokatzeko laguntzak zein diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko 62 profil faltsu sortu zituztela uste dute ikertzaileek.

  • Miaketetan atzemandako 22 pasaporte faltsuak.

    Miaketetan atzemandako 22 pasaporte faltsuak. Argazkia: Espainiako Polizia

Espainiako Poliziak 23 pertsona atxilotu ditu Bizkaian, dokumentuak faltsutzearen kontrako operazio batean. Ikertzaileen arabera, iruzurgileek etxebizitza alokatzeko laguntzak zein diru-sarrerak bermatzeko errenta bidegabe kobratzeko 62 nortasun faltsu sortu zituzten, eta hala, milioi bat euro baino gehiagoko iruzurra egin zuten.

Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak ohar batean jakinarazi duenez, Bilboko Atzerri eta Mugen Lurralde Brigadako agenteek egindako ikerketa baten ondorio da operazioa. Duela sei hilabete, ikertzaileek jakin zuten gizon batek beste pertsona batzuk erabiltzen zituela Lanbideren laguntzak jasotzeko. Horretarako, Osakidetzak ustez emandako mediku ziurtagiriak eta hainbat udaletako errolda agiriak aurkezten zituen, denak ere faltsuak.

Auzia ikertu ostean, sarearen ustezko buruzagiaren jarduteko modua antzeman zuten. Horren arabera, nortasun faltsuak sortzen zituen gizarte laguntzak eskuratzeko. Ikertzaileek egindako kalkuluen arabera, sisteman izena emandako pertsona bakoitzeko 857 euro (625 euro diru-sarrerak bermatzeko errentagatik, eta 250 etxebizitza laguntzengatik) jasotzen zituen gaizkileen sareak, hortaz, 1.091.416 euro inguruko iruzurra egin zuten.

Buruzagiaren agindupean, "bigarren maila batean", beste gaizkileetako bat Lanbideren bulegoetara joan ohi zen pasaporte faltsuekin laguntzak eskatzeko izapideak egiteko. Beste batzuk etxebizitzak alokatzen zituzten eta nortasun faltsu horiek bertan erroldatzen zituzten.

Maula egin ahal izateko, pasaporteak eta errolda agiriak faltsutzen zituzten. Horri esker betetzen zituzten laguntzok eskatzeko galdegiten diren irizpideak betetzea (Euskadin gutxienez hiru urtez bizi izatea, esaterako).

Iruzurra ez atzemateko hainbat estrategia zerabiltzaten, betiere ikerketaren arabera. Batetik, eskaerak Bizkaiko hainbat herritako bulegoetan egiten zituzten (Durango, Santurtzi, Berriz, Iurreta, Basauri, Getxo...). Horrez gain, bulegoetara modu presentzialean ez aurkezteko, mediku eta formazio ziurtagiriak ere faltsutzen zituzten.

Atxiloketak egiteaz gain, hainbat miaketa egin zituzten Espainiako Poliziaren agenteek. Etxebizitzetan 22 pasaporte faltsu, nortasun faltsuekin zabaldutako 16 aurrezki libreta, 17 kreditu txartela, bederatzi sakeleko, disko gogor bat eta Lanbiderekin lotutako hainbat dokumentazio topatu zituzten.

Galdekatuak izan ostean, karguekin aske geratu ziren atxilotutakoak. Bilboko 10. zenbakiko Instrukzio epaitegiak darama auzia.

Jaurlaritza: "Iruzurra oso gutxitan gertatzen da"

Hain justu, operazio horren inguruko balorazioa egiteko eskatu diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Nabarmendu duenez, "ontzat ematen dugu Espainiako Poliziak egin duen ikerketaren eta Ertzaintzak berak egindako beste jardun batzuen bitartez aurre egitea gerta litezkeen iruzur kasuei".

Deitoratu duenez, Lanbide "mintzagai" da tankerako kasuengatik, baina gogorarazi du iruzurra "oso gutxitan" gertatzen dela, eta "bai Lanbidek eta indar polizialek jarraituko dutela euren ikerketa eta ariketa guztiak egiten iruzur kasuak ahalik eta gutxien izateko, eta gertatzen direnean hartu beharreko neurriak hartzeko".