09:56

Ekonomia

Elkarrizketa Radio Euskadin

Siemens Energyren asmoen inguruan "informazio zehatza falta" dela deitoratu du Tapiak

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren ustez, balizko kaleratzeei edota egoitza Alemaniara eramateari buruz hitz egitea "gehiegi aurreratzea" da, baina aitortu du egoera "konplikatua" dela eta "ziurgabetasuna" eragiten duela.

  • Arantxa Tapia, elkarrizketaren une batean.

    Arantxa Tapia, elkarrizketaren une batean. Argazkia: EITB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak deitoratu du oraindik "informazio zehatza falta" dela Siemens Energyk dituen asmoen inguruan, horrek Siemens Gamesa erosteko eskaintza egin ostean. Hala, uste du "gehiegi aurreratzea" dela balizko kaleratzeei edo egoitza Alemaniara eramateko planei buruz hitz egitea. Nolanahi ere, egoera "konplikatua" eta "ziurgabetasuna" eragiten duela aitortu du.

Sailburua luze eta zabal mintzatu da Radio Euskadiren "Boulevard" saioan larunbat gauean multinazional alemaniarrak egindako iragarpenari buruz. Iragarri duenez, larunbat gauean bertan jaso zuen enpresaren asmoen berri, eta atzo Siemens Gamesako ordezkariekin hitz egiteko aukera izan zuen. Horren hitzetan, "zer gertatzen ari den jakin behar duten lehenengoak langileak dira". Horren ondotik, erakundeek, "dituzten ahalmen urriekin", lanpostuak "bermatzearen eta EAEko hornitzaileekin lanean jarraitzearen alde" egingo dute.

Tapiaren arabera, Siemens Gamesarentzat "badago etorkizuna Euskadin". "Siemensen eta Gamesaren arteko bat egitea iragarri zenetik, duela lau urte, ziurgabetasuna eragiten zuten hainbat albiste izan ditugu, eta kasurik gehienetan ez dituzte eragin dramatikoak izan", azaldu du. Sailburuak onartu du onshore negozioa (lurreko azpiegiturak) "zaila" dela, baina ez litzatekeela "ulergarria" izango offshore negozioari (itsasoko azpiegiturak) bakarrik heltzea. Hori horrela, zuzendaritzaren asmoak "lehen eskutik ezagutzea ezinbestekoa" dela azpimarratu du, informazio horrek langileei "nolabaiteko lasaitasuna" eman diezaien.

Beste gai bat ahotan, eta Arabako lur azpian gasa fracking bidez ateratzeko eztabaida hizpide, adierazi du Europak menpekotasun handia duela gasarekiko, baina era berean, "hura esploratzeko hautua" egin duela. Horren aburuz, Europar Batasunean argi daude trantsizio energetikorako "helburuak" zeintzuk diren, baina "ibilbide orria ezartzeko orduan ez gara fin ibili". Tapiaren ustez, Europar Batasunari dagokio fracking-aren inguruko eztabaida berriz zabaltzea, baina ez du halakorik aurreikusten "epe laburrean". Hortaz, Eusko Jaurlaritzak bi norabideetan lan egingo duela aurreratu du: eraginkortasun energetikoa handitzen, eta ahalik eta berriztagarri gehien jartzen. "Hori bai, Europar Batasunak eztabaida (fracking-arena) irekitzen badu, aprobetxatuko dugu", argitu du.

Azkenik, NextGeneration Europako funtsen harira esan du funtsok ekonomia transformatzea badute helburu, arlo pribatura bideratu behar direla, "ahalik eta lasterren", eta halakorik gertatzen ari ez dela deitoratu du: "Orain arte heldutako baliabideak oso urriak izan dira". Jakinarazi duenez, 2025eko amaierarako proiektu pribatu guztiak amaituta egon beharko lirateke, baliabideak "xurgatu" ahal izateko. "Bi urte eta erdi baino ez zaizkigu falta, oso denbora gutxi da", ohartarazi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena