Ekonomia
Bizkaia
EITB.EUS
Hain zuzen ere, Ezkerraldea-Meatzaldea parke teknologikora eramango dute zentroa. Euskadiko Elikadura Campusaren parte izango da.
Mercabilbao, egun, Basaurin. Argazkia: Imanol Aragón
Mercabilbao Basauritik (Bizkaia) Ortuellako Ezkerradea-Meatzaldea teknologia parkera eramango dute lauzpabost urte barru, Basauriko Udalak eta Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak jakinarazi dutenez.
Euskadiko Elikadura Campusaren parte izango da. Elikagaien startupsak eta enpresa berritzaileak erakartzeko eremua izango da; Euskadiren garapen sozioekonomikoarentzako estrategikotzat jo duten sektorearen hazkundea bultzatzeko.
Euskadiko elikadura campusa Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko eta Ortuellako udalen ekimen bateratu da.
Mende erdi baino gehiago eman dute Mercabilbaoko instalazioek Basauriko Artunduaga auzoan. Teknologia Parkeen Sareak argudiatu duenez, jardueraren garapenak zein instalazioetan hazteko ezintasunak lekualdaketa gomendagarria egiten dute.
Bestalde, Basauriko banaketa zentroaren beharrizanak asetzeko, elikadura campuseko azpiegitura berriak bere eremua bikoiztuko du. Artunduagako 13 hektareak hutsik geratuko dira, eta Basaurirentzako "aukera berri bat" bilakatu, non Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Udala "jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzeko lanean ari dira dagoeneko".
Mercabilbaok 100 enpresa inguru hartzen ditu egun, eta 1.200 behargin lanean ari dira, urtean 260.000 tona produktu galkor merkaturatzeko, inguruko saltoki, taberna eta jatetxeetan.
Bestalde, Basauriko Udalak ohar batean zehaztu duenez, Mercabilbaoren lekualdaketa lauzpabost urteetan egingo dute; hartzen duen lursaila "proiektu berriarentzako nahikoa ez delako, lau aldiz handiagoa behar baitu".
"Ez gara enpresa bat ixteaz ari, Bizkaiko lurraldean 20 minutura dagoen aldameneko udalerri batera eramateaz baizik. Ez da enplegua deuseztatuko", azpimarratu du Udalak.
50 hektarea
Hasierako proiektuaren arabera, Euskadiko Elikadura Campusak ia 50 hektarea hartuko ditu, etorkizunean gehiago hedatzeko ingurune egokian, azaldu dutenez.
Lursailak erosteko eta lanetarako 60 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute erakundeek. Teknologia Parkeen Sareak 135.000 metro karratu kudeatzen ditu orain, eta 500.000 metro karratu erosteko prozesuan dago murgildurik. Campus berriak, amaituta dagoenean, 2.000 lanpostu sortu eta 750 milioi euroko fakturazioa izango du.
Elikadura Campusak lehengai, ekoizpen prozesu eta produktuen kalitate kontrolerako plataforma izango da; ekoizpena abiatu eta merkaturatu baino lehen probak egiteko lantegia; lan arriskuak murrizteko eta prebentziorako zerbitzuen plataforma; eta digitalizazio eta automatizazio zerbitzuak hartuko ditu.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen hitzetan, lekualdaketa "Mercabilbaorentzako hazkunde eta garapen abagune bikaina da; izan ere, Basaurin 50 urte eman ondoren, zabaltzea behar du, orain arte posible ez zena leku faltagatik".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa