19:02

Ekonomia

Enplegu publikoa

Hezkuntza Sailak 6.300 lanpostu baino gehiago deituko ditu aurten, oposizioetan eta meritu lehiaketetan

EITB MEDIA

Hain zuzen ere, 4.357 plaza irakasleentzat izango da, 985 beste motatako langileentzat eta beste 1.000 2022ko berritze-tasari dagozkie.

  • EHUko ikasgela bat. Argazkia: EFE

    EHUko ikasgela bat. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 6300 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu 2022an, oposizioetan eta meritu lehiaketetan. Gaur goizean, bilera egin dute Hezkuntza Saileko ordezkariek eta sindikatuek, eta bertan eman diete prozesuen berri langileen ordezkariei.

4.357 plaza irakasleei zuzenduta egongo dira: 1.798 plaza merezimendu-lehiaketaren modalitatean eskainiko dituzte; 747 plaza, kanporatzailea ez den oposizio-lehiaketa bidez; eta 1.812 plaza, oposizio-lehiaketa arruntaren bidez.

Irakasleentzako plaza horiez gain, Hezkuntza Sailak beste 985 plaza ere deituko ditu, Hezkuntza Bereziko eta Sukalde eta Garbiketako langileentzat.

Halaber, urte amaierarako, 1.000 lanpostu inguru gehiago eskainiko dituzte, 2022ko birjartze-tasari lotutakoak.

Hezkuntza Sailak azaldu du aurrerago argitaratuko dituela deialdiak eta orduan zehaztuko dutela noiz izango diren probak.

Bestalde, ELA sindikatuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak eskainiko dituen plazak ez direla nahikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza publikoan 13.000 behin-behineko langile daudelako.

Legearen arabera, behin-behinekotasun tasa % 8ra murriztu behar da, baina proposamen horrekin "helburua betetzea ezinezkoa" izango dela ohartarazi du ELAk.

Hortaz, "ez dira Europak agindutako irizpideak beteko eta behin-behinekotasun tasak % 41tik gora jarraituko du", salatu du sindikatuak.

Betebeharreko baldintzak

Administrazio eta enpresa publikoetako lanpostuak egonkortzeko ezohiko prozesuak abian jartzeko baldintzak zehazten dituen araudiaren arabera, 2016a baino lehen sortutako eta behin-behineko langileek betetako lanpostuak merezimendu-lehiaketaren bidez eskaini beharko dituzte.

2020ko abenduaren 31 baino lehen hiru urtez jarraian behin-behineko langileekin bete diren lanpostuak, berriz, oposizio-lehiaketa ez kanporatzailearen bidez eskainiko dituzte.

Hutsik dauden gainerako plaza guztiak, ostera, ohiko oposizioen bidez esleitu beharko dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena