Ekonomia
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak soldatak inflazioaren gainetik ez igotzea defendatu du eta orain "ahalegina egin duenari" etorkizunean konpentsatzea.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia
Zedarriak foroak berriki kaleratu duen txostenaren irakurketa egin du gaur goizean Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Horren hitzetan, alde baten txostena baino ez da eta enpresa mundua eta enpresariak ikusten ditu atzean. Eusko Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, gainera, soldatak inflazioaren gainetik ez igotzea defendatu du eta orain "ahalegina egin duenari" etorkizunean konpentsatzea.
Pedro Azpiazuren arabera, Zedarriak foroak bere ikuspuntutik eta bere interesak kontuan hartuz egin du txostena, gobernuarekin kolaboratzeko edo eztabaidatzeko borondaterik gabe. Aurrera begira, nahiko luke horrelako txostenak egiten direnean eztabaida bat abiatzea, "gauzak benetan hobetzeko".
Inflazioaren igoeraren faktura "denon artean" ordaindu behar dela uste du Pedro Azpiazuk. Horren iritziz, konponbidea ez da soldatak KPIaren arabera igotzea eta ohartarazi du hori eginez gero inflazioak gora egingo lukeela eta arazoa handiagoa izango litzatekeela. Hala ere, orain egindako ahalegina gerora konpentsatzea defendatu du. Konpromiso hori, enpresarien, sindikatuen eta erakundeen arteko akordio zabal batean islatu nahiko luke.
Azpiazuren iritziz, Espainiak eta Portugalek gasaren prezioari muga jartzeko Europar Batasunarekin lorturiko akordioa eraginkorra izango da. Inflazioa %10ekoa den honetan zazpi puntu erregaien prezioak eragindakoa dela eta argindarra merkatzeko neurriak eragin positiboa izango duelakoan dago. Ildo horretan, aurreikusi du inflazioa jaitsi eta prezioek behera egingo dutela aurtengo urtearen bigarren zatian.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa