11:35

Ekonomia

ENPLEGUA

Langabezia tasa % 9,1era jaitsi da Euskadin lehen hiruhilekoan, eta 8.300 pertsona gehiago ari dira lanean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gizonen langabezia tasa % 8,5ekoa da, eta emakumeena % 9,7koa. Euskadiko langabezia tasa Europar Batasunekoaren (% 6,2) gainetik dago, baina Espainiakoaren (% 12,6) azpitik.

  • Lanbideren enplegu-bulego batera sartzeko atea

    Bizkaian tasa % 10era jaitsi da, eta Gipuzkoan % 7ra; Araban, berriz, % 10,4ra igo da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa % 9,1era jaitsi da aurtengo lehen hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,8 puntu gutxiago, hau da, 2021eko amaieran baino 8.300 langabe gutxiago.

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak jakitera eman du Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkesta, 2022ko lehen hiruhilekoari dagokiona. Inkesta horretan adierazten da langabetuen kopurua, hau da, lan bila ari direnak eta lanerako prest daudenak, 95.200ekoa dela, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 8.300 gutxiago.

Gizonezko langabeen kopurua, 46.500 da guztira, 4.900 jaitsi baita (% -9,5), eta emakumezkoena, 48.700koa, 3.400 murriztu baiaa (% -6,5). Horrela, gizonen langabezia tasa % 8,5ekoa da eta emakumeena % 9,7koa.

Ikasketei dagokienez, langabezia tasaren jaitsiera handiena goi-mailako ikasketak dituztenen artean gertatu da (-1,5 puntu), % 5,2ra arte. Lehen mailako ikasketak dituztenena % 12,8 da, eta bigarren mailako eta erdi-mailako ikasketak dituztenena % 11,1.

Lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 7.000 langabe gutxiago daude, eta langabezia-tasa 1,3 puntu jaitsi da, % 10era arte.

Gipuzkoan 24.000 langabe daude, eta langabezia tasa ehuneko 0,7 puntuan jaitsi da, % 7ra arte; Araban, berriz, langabeen kopurua 1.100 hazi da eta tasa % 10,4ra iritsi da (+0,8).

Hiriburuetan, 6.200 langabe gutxiago daude Bilbon, 400 Donostian eta 1.400 gehiago Gasteizen.

Euskadiko langabezia tasa Europar Batasunekoaren (% 6,2) gainetik dago, baina Espainiakoaren (% 12,6) azpitik.

Bestalde, okupazioa 8.300 pertsonan hazi da lehen hiruhilekoan aurrekoaren aldean; guztira 953.800 pertsona okupatu daude, 2021eko laugarren hiruhilekoan baino % 0,9 gehiago.

Azken urtean, 28.600 pertsona okupatu gehiago daude, eta 19.200 langabe gutxiago; hau da, 2021eko lehen hiruhilekoan % 11ko langabezia tasa izatetik % 9,1ekoa izatera igaro da EAE.

Okupazio-tasa, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona okupatuen ehunekoa adin horien guztizkoaren gainean kalkulatuta, 0,5 puntu igo da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta % 69an kokatu da. Tasa hori % 72,4koa da gizonen artean, eta % 65,7koa emakumeen artean.

Biztanleria okupatuaren eta langabearen bilakaeraren ondorioz, jarduera-tasa % 56,3 da 2022ko lehen hiruhilekoan, aurreko hiru hilabeteetako bera.

Lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan 6.200 pertsona gehiago daude lanean 2021eko itxierarekin alderatuta, eta Bizkaian 5.100; Araban, berriz, 3.000 gutxiago. Okupazio-tasarik altuena Gipuzkoakoa da (% 71,1), ondoren Arabakoa (% 68,5) eta azkenik Bizkaikoa (% 67,9).

Hiriburuetan, Bilbon igo da gehien okupazioa, 3.500 landun gehiagorekin; ondoren Donostia dator (+1.100), eta Gasteizen, 2.600 landun gutxiago daude.

Okupazioaren hazkunderik handiena gizonen artean gertatu da (+5.800); emakumeen artean, berriz, 2.400 igo da.

Sektoreka, biztanleria landunak 5.500 pertsona gehiago ditu zerbitzuetan (% +0,8), 1.400 gehiago lehen sektorean (% +17,5), 800 gehiago eraikuntzan (% +1,4) eta 700 gehiago industrian (% +0,4).

Eustaten arabera, halaber, 5.700 etxe gutxiago daude aktibo guztiak langabezian dituztenak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena