Ekonomia
Eusko Legebiltzarra
Lehendakariak 200 milioi euroko "erreskate sozial eta ekonomikorako" neurri berriak aurkeztu ditu
Mikel Dominguez | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak datorren astearteko Gobernu bileran onartuko dituen neurri berriak hasieran hartutako "berehalako neurriei" batuko zaizkie, Legebiltzarrean Urkulluk Ukrainako gerraren ondorioei buruzko bilkuran adierazi duenez.
Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu ditu Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak hartuko dituen hurrengo neurriak. Neurri horiek erreskate sozialerako funts batean eta erreskate ekonomikorako beste batean banatuko dira, eta 200 milioi euro izango dituzte.
Eusko Jaurlaritzak apirilaren 12an onartuko ditu neurri berriak, Urkulluk azaldu duenez. Eusko Legebiltzarrak saio monografikoa egin du Exekutiboak Ukrainako gerraren ondorioen aurrean hartu beharko lituzkeen neurrien inguruan, EH Bilduk eskatuta.
Neurri berriek "eragile ekonomiko eta sozialek elkarrizketa sozialaren mahaian, klusterretan eta zuzenean eragindako sektoreetan egindako eskaerei erantzuten diete", lehendakariaren arabera, eta "Legebiltzarreko taldeen iradokizunak ere jasotzen dituzte".
Zehazki, "erreskate sozialeko funtsak" 15 milioi euroko zuzkidura izango du, pertsona kalteberenentzako gizarte-laguntzak (gizarte-larrialdietarako eta pobrezia energetikoa arintzeko edo etxerik gabeko pertsonak gizarteratzeko, adibidez) eta Ukrainako errefuxiatuei harrera egiteko laguntzak bultzatzeko.
"Erreskate ekonomikorako funtsak", bestalde, 143 milioi euro izango ditu. Enpresei eta mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako laguntza-programak 63 milioi eurorekin handitzea planteatzen du; 60 milioi gehiago lehen sektoreko enpresentzat, laguntza osagarri bezala; merkataritza-sektorearentzat 20 milioi euroko laguntza osagarriak, eta likidezia-neurri osagarriak, 40 milioi euroko zuzkidura gehigarriarekin.
Lehendakariaren arabera, neurri berriek krisiaren hasieran hartutako "berehalako" neurrien osagarri izango dira, betiere EBren eta Espainiako Gobernuaren neurriekin bat etorriz.
"Egoera ebaluatzen, hartutako neurrien eraginkortasun-maila aztertzen eta, beharrezkoa balitz, neurri horiek zabaltzen jarraituko dugu", erantsi du. Euskadik "horretarako baliabideak" dituela esan du, eta "soberakinak modu arduratsuan kudeatzea" defendatu duela.
Ildo horretan, horren esanetan, Eusko Jaurlaritza beste "neurri eraldatzaile" batzuk ebaluatzen ari da, "gure historiako aurrekontu handienekin bat"; besteak beste, energia zentralizatuta erosteko programa bat eta elikatze-katearen prezioen behatoki bat.
"Gure eredu propio eta orekatuak funtzionatzen du"
Lehendakariak ohartarazi du "oso egoera larrian" gaudela, eta iraun egingo duela, baina Euskadiren "eredu propio eta orekatuak" funtzionatzen duela ziurtatu du.
Talde parlamentarioen beste proposamen batzuk ere egin dituzte, "babeserako ekonomia", adibidez, eta zera esan du horren harian: "Babesik onena hazkunde ekonomikoa eta enplegua bermatzea da". Fiskalitatea jaisteari dagokionez, Urkulluk "zuhurtzia" eskatu du. "Ez dago oreka sozialik eta kalitatezko zerbitzu publikorik fiskalitate ekitatiborik gabe", adierazi du.
Era berean, soldaten igoeraz hitz egiterakoan ere "zuhurtzia" eskatu du, "ondasunik preziatuena enplegua baita", eta "aldebakarreko erabakiek" arriskuan jar lezakete. "Errenten itunak eragile ekonomiko eta sozialek adostu behar dituzte. Akordio horien lagungarri izan daiteke Gobernua, baina ezin ditugu ordezkatu negoziazioaren funtsezko eragileak", azaldu du.