Ekonomia
Ukrainako gerra
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Autonomo, mikroenpresa eta enpresa txikieentzat zerga gerorapenak eta salbuespen fiskalak jarriko dituzte martxan, eta lehen sektorearentzat 5,4 milioi euro inguruko dirulaguntzak. Neurriok datorren astean onartuko dituzte, eta guztira, 165 milioi euroko balioa dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek "premiazko neurri sorta" adostu dute Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Zehazki, 5,4 milioi euro inguruko zuzeneko laguntzak emango dizkiote lehen sektoreari, eta zerga gerorapenak eta salbuespen fiskalak jarriko dituzte langile autonomoen, mikroenpresen eta enpresa txikien esku.
Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano, hurrenez hurren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiek agerraldi bateratua eskaini dute Arabako foru jauregian neurriok aurkezteko. "Salbuespeneko egoera batean egiten dugun salpuespeneko agerraldia da hau", nabarmendu du Gonzalezek, eta neurriak "aldi baterako" hartu dituztela erantsi.
Zehaztu dutenez, hiru aldundietako gobernu bileretan datorren astean onartuko dituzte neurriok eta "berehala" sartuko dira indarrean. Guztira, aldundien kalkuluen arabera, 165 milioi euroko balioa duten neurriak dira adostutakoak.
Hiru ahaldun nagusiek Ukrainako inbasioa gaitzetsi dute, eta gerrak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko foru erakundeen "erantzun bateratua" aldarrikatu. Neurrion asmoa eragile ekonomikoen likidezia indartzea da, "arnasa ematea", Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu duenez. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, "gure eskumenen esparruan egin dugu: fiskalitatearekin". Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aitortu du neurriok "diru bilketan eragina" izango dutela (160 milioi gutxiago aurreikusi dituzte) baina orain "dagokiena" dela azpimarratu du: "Baliabideek gehien behar dutenen esku jarraitu dutela, gehien behar dutenean".
Lau eremutan hartuko dituzte neurriak:
Gerorapenak zergak ordaintzeko
Langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek aparteko gerorapena izango dute zergak ordaintzeko, eta ez dute bermerik aurkeztu beharko. Gainera, gerorapen horiek ez dute interesik sortuko. Halaber, hiru hilabete igarota hasi ahalko dira zenbatekoak itzultzen eta sei hileko kuotatan egin ahalko da ordainketa.
PFEZren ordainketa
Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez dira behartuta egongo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) ordainketa zatikatuak autolikidatu eta ordaintzera urteko lehen bi hiruhilekotan.
Energia gastuak konpentsatzeko neurriak
Energiaren eta erregaien garestitzeari aurre egiteko gastua handitu behar izan duten mikroenpresa eta autonomoek euren zerga-oinarria murrizteko aukera izango dute, dela Sozietateen gaineko Zergan, dela PFEZan. Horretarako gastuak konpentsatzeko "forbait"a handituko dute aldundiek. "Forfait"aren handitzeak indar berezia izango du salgaien errepidezko garraioan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, hiru lurraldeetan % 70eraino igotzen baita. "Forfait" orokorra, bai PFEZan (langile autonomoak), bai Sozietateen gaineko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igotzen da.
5,4 milioi euroko dirulaguntzak lehen sektorearentzat
Nekazaritza eta abeltzaintzari zuzenduta dirulaguntza lerro berri bat irekiko dute: 2,5 milioi euro Araban; 1,2 milioi euro, Bizkaian, eta 1,7 milioi euro, Gipuzkoan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa