Ekonomia
Energia
AGENTZIAK | EITB Media
Gainera, energiaren salneurrian oinarritutako kaleratze objektiboei (20 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko) betoa jarri die Exekutiboak.
Argindarra garraiatzeko dorre bat. Artxiboko argazkia: Efe
Nahiz eta argindarra ekoizteko ez erabili, merkatuan gasaren prezio garestitik mozkinak lortzen dituzten konpainia elektrikoen etekina mugatzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Gainera, energiaren salneurrian oinarritutako kaleratze objektiboei betoa jarri die Exekutiboak.
Espainiako Gobernuak Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko proposaturiko neurri sorta onartu du, espero zen moduan, Ministroen Kontseiluak. Orain Kongresuaren oniritzia behar du indarrean sartzeko, eta horregatik deia egin die gobernuak taldeei babesteko.
Espainiak eta Portugalek argindarraren handizkako merkatuan "zerutik eroritako mozkinak" murrizteko proposamen bateratua aurkezteko zain (Bruselak horretarako baimena eman ondoren), etekin horiek % 90 murriztea adostu du Gobernuak, 67 euro/megawatt orduko langa gainditzen duten kontratu berrietan edo berritu beharreko kontratuetan.
Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroak azaldu duenez, "arrazoizkoa denaren gainetik dauden" errentagarritasunak saihestu nahi dituzte.
Bestalde, kostu energetikoen gorakadaren argudioarekin egin nahi diren kaleratze objektiboak (20 eguneko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko) debekatu ditu Espainiako Gobernuak. Diru-laguntza zuzenak jasotzen dituzten enpresek ere ezin izango dute kaleratze objektiborik aplikatu.
"Kaleratzea ez da beharrezkoa, saihesteko baliabide publikoak dituzte", adierazi du Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroak. Lan erreforman aldi baterako lan erregulazioak sendotu zituztela gogorarazi du Diazek.
Aldi baterako lan erregulazioan egoteak lanpostuak mantentzea inplikatzen du, baita aplikazioan zehar jasotako diru-laguntza publikoak itzultzea ere.
Besteak beste, erregai litro bakoitzeko 20 zentimoko hobaria aplikatzea, alokairua gehienez ere % 2 igotzea eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerak % 15 handitzea onetsi du koalizio gobernuak. Ez dutena argitu da nola egingo duten gasa eta argindarraren prezioa jaisteko.
Txoke-plan horretan jasotzen diren neurriak ostiraletik (apirilak 1) ekainaren 30era arte egongo dira indarrean. 16.000 milioi euro horietatik 6.000 milioi laguntza zuzenak eta zerga-beherapenak eginez bideratuko dituzte, eta 10.000 milioi, ostera, ICO kredituen bidez.
Era berean, gizarte bonu termikoa beste 600.000 familiari zabalduko zaie; beraz, ia 1,9 milioi etxetara iritsiko da. Enpleguari dagokionez, kaleratzeak ekiditeko aldi baterako lan-erregulazioko espedienteak eskatu ahalko dituzte enpresek.
"Ukrainan izandako bidegabeko erasoak gerra eragin du Europar Batasunaren atarian, eta dagoeneko ondorio ekonomiko eta sozialak izaten ari da errefuxiatuen fluxuengatik, energia-prezioen gorakadagatik edo hornidura-kateko disrupzioengatik, eta horrek shock ekonomikoa ekarriko du, Europako herrialde guztiei eragingo diena", adierazi du Nadia Calviño Ekonomia Gaietarako eta Transformazio Digitalerako hirugarren presidenteorde eta ministroak neurrien aurkezpenean.
Garraiolariekin adostutako neurriei dagokienez, ekainaren 30era arte erregaiari deskontu bera egiteaz gain, zuzeneko laguntzak banatzea onartu da, eta hala, orotara garraiolari profesionalentzako 1000 milioi euroko paketea zuzenduko da.
Neurri berri horiek guztiak Kongresuak jada iazko abenduan onartutakoei gehitu behar zaizkie, hala nola, gidariek salgaiak kargatzeko eta deskargatzeko eragiketak debekatzea, zamalanetarako guneetan itxaronaldiak ordubetera mugatzea, garraio-ikuskaritza indartzea, edo garraio-kontratuen prezioak berrikusteko betebeharra, gasolioaren prezioa % 5 baino gehiago igotzen bada.
Azkenik, salgaien errepideko garraioaren sektoreari Elikagai Katearen Legearen printzipioak aplikatzeko lege-proiektuaren testu bat aurkezteko konpromisoa hartu du Gobernuak lau hilabeteko epean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa