16:44

Ekonomia

Energia

Espainiako Gobernuak eta enpresa elektrikoek "energia merkeagoa lortzeko" bilera "konstruktiboa" egin dute

Agentziak | EITB Media

Konpainia elektrikoak prest daude mozkinak murrizteko eta irudia sendotzeko, Europa Pressek aipatutako Exekutiboaren iturrien arabera.

  • Espainiako Gobernuaren eta konpainia elektrikoen arteko bilera.

    Espainiako Gobernuaren eta konpainia elektrikoen arteko bilera. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuaren eta enpresa elektrikoen arteko bilera "konstruktiboa" izan da, Gobernuaren beraren arabera. Pedro Sanchez presidentea eta Teresa Ribera hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako ministroa izan dira konpainia elektrikoetako exekutibo nagusiekin egin duten bileran. Exekutiboak azaldu duenez, ez dute aztertu enpresei zerga berezi bat ezartzea, kontsumitzaileei arrazoizko prezioak eskaintzen nola lagun dezaketen baizik.

"Ez dugu hitz egin konpainia handientzako zergei buruz, baizik eta energia merkeagoa lortzeko moduari eta kontsumitzaileen erosotasunari ekarpen handiagoa egiteko moduari buruz", adierazi du Ribera ministroak.

Bileran izan dira, halaber, Manuel de la Rocha G20 eta Ekonomia Gaietarako idazkari nagusia, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, Francisco Reynes Naturgyko presidentea, Jose Bogas Endesako kontseilari delegatua, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatua, Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentea eta Ana Paula Marques EDPko kontseilari delegatua.

Riberaren hitzetan, konpainiek egoeraren analisia partekatu dute Gobernuarekin, eta ondorioztatu dute ez dela erraza munduko gas ekoizle handienetako bat alde batera uztea -Errusiari zeharkako aipamena eginez-.

Presidenteordeak azaldu du Pedro Sanchezek sektore horretako arduradunei "mezu garrantzitsuak" bidali dizkiela, besteak beste, "guztien partetik" konpromiso bat hartzeko beharra. Halaber, enpresek egin ahal eta behar duten ahaleginaz mintzatu zaie, modu horretan argindarraren prezioa merkatu ahal izateko, eta, aldi berean, Espainiako energia sistemaren eraldaketa arintzeko. Horretarako, energia berriztagarrien garrantzia azpimarratu du.

Gobernuko iturrien arabera, konpainia elektrikoek jakin badakite "ezohiko egoera baten aurrean gaudela", eta testuinguru horretan prest daude irabaziak murriztu, baina beren irudia indartzeko.

Espainiako Gobernuak martxoaren 29ko Ministroen Kontseiluan hartuko dituen neurriez galdetuta, Riberak esan du neurri-sorta horrekin bukatu ahal izateko nahitaezkoa dela hilaren 24an eta 25ean egingo duten Europako Kontseiluaren azken emaitza ikustea.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena