Ekonomia
Hornidura
Mikel Dominguez | EITB Media
Momentuz, Mercabilbaok eta Mercairuñak astea arazorik gabe igarotzeko produktu nahikoa dute. Iberiar Penintsulako ekialdeko zitrikoak eta Almeriako barazkiak falta dira, batez ere.
Zitrikoak Mercairuñan. EITB Mediaren bideo bateko irudia
Elikagaien horniduran eragina izaten ari da garraiolarien greba, baina, momentuz, ez du arazo handirik sortu Euskal Herriko handizkarien merkatuetan.
Mercabilbao Bizkaiko hiriburuko elikagai galkorren merkatuan, Almeriako barazkiak eta Iberiar penintsulako ekialdeko zitrikoak falta dira, batez ere. Gorka Moreno Mercabilbaoko fruta eta barazkien handizkarien elkarteko presidentearen arabera, ez dago aurkitu ezin daitekeen produkturik, "batek ez badu, besteak duelako".
Hala ere, Almeriatik etorritako tomateak, lekak, alberjiniak, kalabazinak "gehiago falta dira", baita ekialdeko laranjak eta mandarinak ere. Atzo "ia ez zen bat ere heldu". Heldu ziren fruta eta barazki "apurrak" hurbilagoko tokietatik iritsi zen, Errioxatik besteak beste.
Aste honetarako handizkarien plana "stocka" eta iritsi den elikagai "gutxi" horiek erabiltzea da.
Morenok esan duenez, gatazka konpontzen bada, "egun bat eta erdian hornitu ahalko gara" eta "normaltasunetik gertuko egoera batera itzuli ahalko gara".
Nafarroako hiriburuko Mercairuñan, goizean zehar zenbait kamioi heldu dira, eta ez dute produktu gehienak jasotzeko arazorik izan. Momentuz, gaur jasotakoekin astea normaltasunez igaro ahalko dute.
Hala ere, Bizkaian bezala, Mercairuñako arduradunen arabera, Almeriako kamioiak ez dira heldu, eta ezin izan dute bertako produkturik jaso. Karibetik itsasontziz jasotzen dituzten produktuak ere, ananak eta aguakateak, kasu, ez dituzte jaso.
Salneurrian eragina du eskasiak. "Gauzak oso garesti daude, eta duenak asko igotzen du prezioa", merkatari baten esanetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa