Ekonomia
Elkarrizketa Radio Euskadin
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Bestalde, Galdatzaileen Elkarteen Espainiako Federazioko idazkari nagusiak nabarmendu du dagoeneko lau enpresak eten dutela jarduna, material eta lehengai faltagatik.
Jon Ander Egaña eta Marcial Alzaga. Argazkia: EITB Media
Radio Euskadiko "Boulevard" saioak Jon Ander Egaña Euskadiko Elikaduraren Clusterreko zuzendaria eta Marcial Alzaga Galdatzaileen Elkarteen Espainiako Federazioko idazkari nagusia elkarrizketatu ditu astelehen honetan. Elikaduraren sektoreak eta euskal industriak bizi duten egoera gertutik aztertu dute batak eta besteak.
Alde batetik, Egañak adierazi du elikadura kateak maila ezberdinak dituela. "Pandemia hasi zenean egoerari aurre egin genion, gertatuko zena jakin gabe. Azkenean lortu genuen, eta espero dut oraingo honetan ere horrela izatea", esan du.
Kalte larrienak elikagai freskoekin lan egiten duten sektoreek jasan dituztela nabarmendu ostean, onartu du erraza dela elikagai katea hankaz gora jartzea. Halere, lasai hartzeko eskatu die herritarrei, sistema funtzionatzen ari delako. "Produktu aukera zabala daukagu, eta kantitate handietan erosteak ez du ezer konpontzen. "Egoerak bere horretan jarraitzen badu, prezioek gora egingo dute, baina ez da elikagai faltarik egongo", esan du. Hartara, "bertoko produktuak" aukeratzeko eskatu die kontsumitzaileei.
Bestalde, Marcel Alzagak azpimarratu du burdinolen egoera beltza dela, "zalantzarik gabe". "Lau enpresak jarduna eten behar izan dute, ez zutelako material eta lehengairik. Urtebete daramagu energiaren prezioen gorakada salatzen, guregan eragin zuzena dutelako", azaldu du. Gainera, gogora ekarri du garraioaren grebak ere kalte egin diela. "Horrekin guztiarekin, ekaitz perfektua sortu da", nabarmendu du.
Sektore horretan hornigai falta egongo den galdetuta, ez du ezer aurreratu nahi izan, "garraiolarien araberakoa izango delako egoera". "Ikusiko dugu nola doan, eta zer-nolako eragina duen. Dakigun bakarra da ezin dela martxoaren 29ra arte itxaron, neurriak hartzeko", zehaztu du.
Azkenik, aurreratu du administrazioekin biltzen ari direla, prezioak negoziatzeko eta neurriak hartzea eskatzeko. Besteak beste, prezioak merkatzeko eta enpresak babesteko eskatu diete.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa