Itxi

Ekonomia

Merkataritza eta kontsumoa

Kontsumobidek eskatu ahal izango du enpresek modu desegokian kobratutako dirua itzultzea

EITB MEDIA

Eusko Jaurlaritzak Pertsona Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuko lege proiektua onartu du. Aldez aurretik hitzordurik finkatu gabe etxez etxeko salmenta debekatuko du legeak, batez ere adineko pertsonak babesteko xedearekin.

  • Iruñeko saltoki bat. Artxiboko argazkia: EFE

    Iruñeko saltoki bat. Artxiboko argazkia: EFE

Enpresek kontsumitzaileei modu desegokian kobratutako diru kopuruak itzultzea eskatu ahal izango du Kontsumobidek. Are gehiago, enpresak kalte-ordaina ordaintzera behartu ditzake.

Eusko Jaurlaritzak Pertsona Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuko lege proiektua onartu du astearte honetan. Besteak beste, helburuen artean, pertsona zaurgarrienak babestea du.

Testuaren berritasunetako bat, enpresek modu desegokian kobratutako diru kopuruak kaltetuei itzultzea eskatzeko gaitasuna izango du Kontsumobidek.

Gainera, alde aurretik hitzordurik finkatu gabe etxez etxeko salmenta debekatuko du legeak, batez ere adineko pertsonak babesteko xedearekin.

Era berean, lege berriak zerbitzu enpresak informazioa eskaintzera behartuko ditu, kontratazioa baino lehen, mantentze-lan, jendetza biltzeko aukeraren edo baldintza meteorologikoen testuinguruaz, autobideen eta jolas-parkeen kasuan esaterako.

Bestalde, bitartekaritza lana indartu nahi du lege proiektuak, etxegabetzeen kasuan adibidez, non Kontsumobidek bitartekari lanak egin ahal izango ditu. Gainera, praktika onen kode bat bultzatuko dute enpresetan, Kontsumobideren parte-hartzearekin.

Hurtado: "Indarrean dagoen legeak ia 20 urte ditu. Hori dela eta, beharrezkoa da berritzea"

Azkenik, merkatu kontrola areagotuko du araudi berriak. Europako zuzentarauak jarraituz, kontsumo ikuskaritza indartuko da, eta ikuskatzaileak ez identifikatzeko aukera izango du, bere helburua arriskuan ez jartzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Gobernu Kontseiluan gaur onartu duten aurreproiektua aurkeztu du. Legeak pertsona kalteberen babesa azpimarratuko du. Behin aurreproiektua onartuta, Legebiltzarrera bidaliko dute proposamena, bertan tramitatu dezaten.

"Indarrean dagoen legeak ia 20 urte ditu. Hori dela eta, beharrezkoa da berritzea, besteak beste, kontsumo joerak asko aldatu direlako", adierazi du Hurtadok.

Hartara, lege berriak protagonismo handiagoa emango dio KontsumoBIDE kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteari, eta baliabide berriak eskainiko dizkio, kontsumitzaileak babeste aldera. Batez ere, kalteberak diren pertsonak hartuko dituzte kontuan.

Horretarako, zabaldu egingo dute pertsona kelteberen definizioa, eta talde horretan sartuko dira, halaber, denbora batez soilik kalteberak diren kontsumitzaileak. "Botere publikoek talde horretan dauden pertsonen eskubideak bermatu beharko dituzte. Adibidez, kontsumitzaileei bidegabe kobratutako zenbatekoak itzultzea eta arau-hausteak eragindako kalte-galeren kalte-ordaina ematea erabaki ahal izango du KontsumoBIDEk", azaldu du sailburuak.

Urkullu: "Kontsumo etikoa sustatuko da"

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du lege berria "lanabes erabilgarria" izango dela herritarrentzat, "kontsumo etikoa" sustatzeko.

Kontsumobideren 10. urteurren ekitaldian, agintariak esan du lege horren ondorioz enpresek "informazio gehiago eta hobea" izango dutela, kontsumitzaileek "babes handiagoa" izango dutela, eta ikuskariek ere "eskuduntza" gehiago izango dituztela.

"Gure helburua da kontsumitzaileei babes handiagoa ematea", nabarmendu du.