21:45

Ekonomia

Gatazka diplomatikoa

EBk ez du YPFren harira Argentinari aurre egiteko araudirik

Erredakzioa

Espainiako Gobernuak eta Repsolek ez dute inolako jakinarazpen ofizialik jaso, Argentinako Gobernuak Repsolen filiala nazionalizatzeko erabakia hartu duela esan ahal izateko.

01:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Cristina Fernandezen Gobernuak YPF (Repsol konpainia espainiarraren filiala) nazionalizatzeko asmoa omen duela esanez zabaldutako informazioek tentsioa piztu dute Espainia eta Argentinaren artean.

Europar Batasunak ez du Argentinari presionatzeko tresna juridikorik, EBko herrietako enpresek Argentinan egindako inbertsioak babesteko Argentinak bere konpromisoak bete ditzan.

Hala ere, Lisboako Itunarekin (2009) Europako Batzordeak hasiera batean eskumenak jaso zituen atzerriko herrietan EBko herriek egindako inbertsioak babesteko, baina oraindik ez dituzte tresna legalik horretarako.

Bestalde, Europar Batasunak Argentinako agintariekin bilera egingo du datorren astean, Buenos Airesen, kooperazio komertzialaren barruan.

Testuinguru horretan, Jose Manuel Margallo Atzerri gaietarako ministroak Argentinak Madrilen duen enbaxadorea, Carlo Antonio Bettini, bilera batera deitu du eta ohartarazi dio Espainiak neurriak hartuko dituela Repsolen segurtasun juridikoa kolokan jartzen bada. 

Gatazka diplomatiko hau elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpontzearen alde egin du eta Espainia eta Argentinaren arteko harremanak amaitzea "ondoriorik okerrena" izango litzatekeela azpimarratu du. "YPF garrantzitsua da Repsolentzat eta Repsol garrantzitsua da Espainiarentzat", erantsi du.

Repsolek eta Espainiak ez dute baieztapen ofizialik

Bien bitartean, Repsolek esan du Argentinako agintariek ez diotela ezer jakinarazi YPFren inguruan eta, beraz, ofizialki ez dago esaterik Argentinak YPF bereganatu nahi duela.

Espainiako Gobernuak ere ez du informazio ofizialik Cristina Fernandezen Gobernuak YPF nazionalizatzeko erabakia hartu duela esateko, baina hori hala bada, Espainiaren interesak defendatzeko eskura dituen neurri guztiak hartuko dituela ohartarazi du.

Soraya Saenz de Santamariak adierazi duenez, "espero dugu neurririk hartu behar ez izatea, baina hartu behar baditugu, hartu egingo ditugu, inolako zalantzarik gabe; erabakiak ez dira iragartzen, hartu egiten dira", nabarmendu du ministroen bileraren ostean egindako agerraldian.

Bruselak Espainia babestu du

Europako Batzordeak esan du auzi honetan "Espainiaren alboan" dagoela eta Argentinako Gobernuari elkarrizketarako deia egin dio eta nazioarteko hitzarmena errespetatzeko eskatu dio.

"Europako Batzordeak, Argentinan duen ordezkaritzaren bitartez, bere kezka agertu dio Cristina Fernandezen Gobernuari", jakinarazi du Olivier Bailly bozeramaileak prentsaurreko batean.

Bruselak ezinbestekotzat jo du bi aldeek negoziazioaren bidez eman behar diotela konponbidea auzi honi eta polemikak Europar Batasunaren eta Argentinaren arteko harreman ekonomikoak kaltetzea saihestu behar dela azpimarratu du.

Clarin egunkariak ostegunean argitaratu zuenez, Argentinako Gobernuak zirriborro bat prestatu du YPFren akzioen % 50 interes publikotzat jotzeko eta konpainiaren kontrola Argentinaren esku geratzeko. Egun, Repsolen esku daude YPFren akzioen % 57,4.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena