12:19

Ekonomia

Osasuna

Gehiengo sindikalak greba deitu du Osakidetzan otsailaren 28rako

Agentziak | EITB Media

Hilaren 25erako beste lanuzte bat deitu dute Lehen Arretan SATSE, ELA, LAB eta UGT eta CCOO sindikatuek. Gainera, biharamunerako, otsailaren 26rako, manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Osakidetzan gehiengoa duten sindikatuek (SATSE, ELA, LAB, UGT eta CCOO) greba deitu dute Lehen Arretan otsailaren 25ean, eta Osakidetza osoan hilaren 28an. Horrez gain, manifestazioak antolatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuetan  osasun zerbitzu publikoak dituen "arazo larriak konpontzeko Jaurlaritzak duen borondate eza" salatzeko.

Sindikatuetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bilbon. Salatu dutenez, "urtarrilaren 23an egin genituen manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko".

Euren esanetan, mobilizazio horien "jarraipen masiboa langileen eta herritarren nekearen isla da. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa gehiago abiarazi ditu, hala nola, Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea. Itxiera hori, gainera, pandemia betean murgilduta gaudenean egiten da".

Sindikatuetako ordezkariek ohar bateratu bat irakurri dute agerraldian. Salatu dutenez, Osakidetzaren langileriaren "belaunaldi erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da" —eman dituzten datuen arabera, batez besteko adina 50 urtekoa da— eta "Osakidetzak bere plantillari tratu txar sistematikoa" eman dio. Horrek eragin du, euren hitzetan, "langileek ihes egitea" Lehen Arretarik "arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira". Halaber, kritikatu dute egoera hori ez da Lehen Arretan bakarrik gertatzen, "beste hainbeste gertatzen da arreta maila guztietan eta kategoria guztietan". Ondorioz, "lan gainkarga sistematikoa, hobekuntza ikuspegirik eza eta baliabide eza ikusita, langile askok erretiroa hartzea erabakitzen dute aukera eduki bezain laster.

Bost sindikatuen esanetan, pandemia "aitzakia ezin hobea bihurtu da murrizketa, desegite, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikekin aurrera jarraitzeko".

Hala, adierazi dutenez, "gure osasun sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du osasun zentroetan zerbitzuak ematen dituztenen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun politikak".

Azkenik, Mahai Sektorialaren egoera hartu dute ahotan. Diotenez, Osasun Saila mahaia "edukiz husten" joan da, eta "informazioa emateko esparrua" baino ez da: "Ez da ezer negoziatzen, eta Osakidetzak inposatu egiten ditu bai landu beharreko gaiak, bai horien edukia". Hala, " benetako negoziazioa eta edukiak planteatu arte", foro horretan parte hartuko ez dutela iragarri dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena