Ekonomia
lan erreformaren legea
itxaso leon kareaga | eitb media
Datorren ostegunean, lan erreformaren dekretua eztabaidatuko dute Diputatuen Kongresuan. Askotariko eragile politiko eta sozialek, alderdi zein sindikatu, azken egunotan jakitera eman dute dekretua arbuiatzen jarraituko dutela, eta argi utzi dituzte euren baldintzak.
Lan erreformaren aurkako manifestazioa, Donostian. Argazkia: EFE
Lan erreformaren dekretuaren aurka gogor egingo dute EAJ, EH Bildu eta ERC taldeek datozen egunotan. Kritika asko jaso ditu ezkerreko bloke osoaren partetik, eta, oraingoz, ez du bakar baten onespenik jaso. Negoziazioen erlojuak ostegunera arteko tartea du, otsailaren 3an eztabaidatuko baitute dekretua Diputatuen Kongresuan.
Espainiako Gobernuak "ukitu gabe" utzi nahi duen dekretua, patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin adostutakoa, baliteke Ciudadanos eta beste zenbait alderdi minoritarioren babesarekin ateratzea aurrera.
Bestalde, askotariko eragile politiko eta sozialek, alderdi zein sindikatu, azken egunotan jakitera eman dute dekretua arbuiatzen jarraituko dutela, eta argi utzi dituzte euren baldintzak.
Jarrerak eta ikuspuntuak, begirada ostegunean jarrita
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak lan erreforma babesteko eskatu die Diputatuen Kongresuan dauden 18 euskal diputatuei, eta sindikatu abertzaleei ohartarazi die "aldaketak Aldizkari Ofizialean" egiten direla.
Cadena Ser irratian egindako elkarrizketa batean adierazi du hitzartutako lan esparruaren aldaketak "aurrerapena" ekarriko duela "langile klasearen eskubideetan". Horrela, Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean lortutako akordioa errespetatzeko eskatu die, "gizarte eragileek Konstituzioak ematen dien paper bat dutelako".
Ildo beretik, Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidentorde eta Lan ministroak esan du Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdiekin akordioa lortzen saiatuko direla azken unera arte. "Negoziatzen jarraitzen dugu, eta lan erreforma aurrera aterako delako itxaropena dugu", esan du.
Bere aldetik, Andoni Ortuzar EBBko presidenteak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan berriki eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu zuen EAJk ezezko botoa emango duela "euskal eremuaren nagusitasuna bermatzen ez bada". Zentzu horretan, argi utzi nahi izan zuen hala helarazi diela berak negoziazio mahaiko kide guztiei.
Gainera, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak larunbatean, sare sozialen bitartez, EAJri egotzi zion EH Bilduren "bidetik" joatea, eta "enpresa-sektorearen aurka bakarrik" egiten jakitea.
Ortuzar sigue la estela de Urkullu y sus críticas y amenazas veladas a patronal y a los empresarios vascos es el pan nuestro de cada día. El PNV está radicalizado haciendo seguidismo de lo que hace Bildu,y sólo sabe atacar a sectores empresariales. Es grave la prepotencia del PNV pic.twitter.com/An8oBigpfO
— Carlos Iturgaiz (@carlositurgaiz) January 30, 2022
Iturgaiz Ortuzarri El Correo egunkarian egindako elkarrizketa baten inguruan aritu zen. Bertan, jeltzaleak nabarmendu zuenez, Espainiako Gobernuak "tinko ipini behar du patronala", eta "horrek ezin du Kongresua bahitu".
Agintari popularraren aburuz, Ortuzar "Urkullu bezala jokatzen ari da, eta patronalarekiko kritika eta mehatxu estaliak eguneroko ogi bihurtu zaizkigu".
Bestalde, Mertxe Aizpurua Diputatuen Kongresuko EH Bilduko bozeramaileak aste honetan 'Boulevard' saioan eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, lan erreformaren akordioa aldatu ezean, ez diote "inolaz ere" abalik emango; izan ere, "Rajoyren erreforma iraunaraztea litzateke".
"Egiten diguten proposamenak ez du ezertan aldatzen Gobernuaren, patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen artean adostutakoa. Lan erreforma ez baliogabetzeko akordioa da. Geureak, ordea, zentzuzko proposamenak dira", gaineratu du.
EH Bilduko ordezkaria konbentzituta azaldu da ez litzatekeela nahikoa izango akordioaren osteko lege proiektu batekin, "horrek ez lukeelako balioko langileei babesa emateko", eta "ezin garelako erreformaren balizko interpretazioen esku geratu".
Manifestazioak Hego Euskal Herrian
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek deituta, milaka herritar Hegoaldeko hiriburuetako kaleetara atera dira Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostu duen lan erreformaren aurka.
Imanol Pascual Nafarroako ELAren koordinatzaileak hedabideen aurrean azaldu duenez, manifestazioarekin salatu nahi izan dute "Madrilen lan erreformarako egindako akordioa patronalaren garaipen handia" dela.
Horren esanetan, patronalak "duela hamar urte lortu zuen Rajoyk bere neurrira egindako erreforma bat onartzea, eta 10 urte geroago, ezaugarri atzerakoienei eusten dien erreforma bat du", eta, "gainera, PSOErekin, Unidas Podemosekin, UGTrekin eta CCOOrekin adostuta".
Gainera, Pello Igeregi ELA sindikatuko negoziazio kolektiboko arduraduna Euskadi Irratiko 'Goiz Kronika' saioan izan da igande honetan. Bertan eskainitako elkarrizketan esan du gehiengo sindikalak badituela "marra gorritzat" jotzen dituzten "bi eremu", indarrean den erreformatik "ezinbestean" aldatu beharko lituzketenak: "kaleratzeena eta negoziazio kolektiboari dagokiona".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa